Feria eta 1.000 zuhaitzen landaketa, aurtengo Zuhaitz Egunean
2022/01/05Zuhaitz Egunaren edizio berriak badu data: urtarrilaren 15a. Arrasateko Udalak antolatuta, bi ekimen izango dira aurten: zuhaitz feria eta zuhaitz landaketa. Zuhaitz Egunak izaera sinbolikoa badu ere, Arrasateko Udalak halako egunek duten garrantzia gogoratu du: «ingurumenaren aldeko kontzientziazioan orain ematen diren pausu txikiek garrantzia handia izan dezakete etorkizunean. Egun hau aproposa izaten da familia giroan pasatzeko, eta batez ere, etxeko txikiei halako ekimenek duten ondorioa erakusteko. Izan ere, zuhaitz azalerak handitzea eta natura babestea eta zaintzea gure eginbeharra da orain, baina etorkizunean haien esku egongo da».
Bost mintegitako zuhaitzak, ferian
Zuhaitz feriaren bederatzigarren edizioa izango da aurtengoa eta ohi bezala, Seber Altube plazan jarriko dituzte postuak parte hartuko duten mintegiek; feria Arrasateko baserriko produktuen azokarekin batera egingo da. Goizeko 08:00etatik eguerdiko 14:00etara bost mintegi hauek egongo dira: Areitio (Zaldibar), Belar (Zaldibar), Etxeberria (Gatika), Lurberry (Zarautz) eta Ekoudalatx (Arrasate). Bertaratutakoek eskuratu ahal izango dituzte fruitu arbolak, koniferoak, baso landare autoktonoak eta lorategikoak, basoko fruitu txikiak eta ekologikoak. Gainera, erosleen artean bi zuhaitz sorta zozketatuko dira.
1.000 zuhaitz inguru landatuko dira aurten
Zuhaitz landaketa izaten da Zuhaitz Eguneko ekitaldi nagusia. Etxezarreta parkean egingo da aurten landaketa: 1,1 hektareatan 900 haritz inguru landatuko dira, eta nahasian, beste 100 hostozabal, hala nola, urkiak, lizarrak, astigarrak eta sagarminak… Covidak eragindako pandemia medio, parte hartzea mugatua izango da aurten, eta beraz, talde bakarra aterako da Musakolako San Isidro elizatik; goizeko 10:00etan jarri dute hitzordua. Parte hartu nahi duten herritarrek aldez aurretik eman behar dute izena 943 25 20 05 zenbakian. Gomazko katiuskak eramatea gomendatu dute.
Ehunka lizar, gaztainondo, haritz… herriko lurretan, Zuhaitz Egunei esker
Arrasateko Udalak hainbat Zuhaitz Egun antolatu ditu azken urteetan, eta horri esker, ehunka lizar, gaztainondo, haritz eta intxaurrondo landatu dira Garagartza, Kurtzetxiki, San Balerio, Hidalgobaso eta Antoniñako herri lurretan. Joan den urtean eta aurten Etxezarreta parkean egingo da landaketa. Udalak 2019an eskuratu zuen parkea, 83 hektareako lur saila: horietatik 63 hektarea pinudia izandakoak dira, eta gainontzeko 20ak bertako zuhaitz eta zuhaixkak. Parkea Izarraitz, Aizkorri-Aratz eta Urkiola korredore ekologikoan kokatzen da, eta garrantzia handia dauka biodibertsitatearen ikuspegitik. Hori horrela, Udalak ikerketa bat egingo du parkeko inguru naturala eta biodibertsitatea errekuperatzeko helburuarekin. Kudeaketa plana ikerketaren emaitzak markatuko badu ere, dagoeneko aurreikusi da harizti kantauriarrak hartzen duen azalera handitzeko beharra. Hala, joan den urteko Zuhaitz Egunean egin bezala, aurten ere haritzak eta hariztietan sortzen diren beste hostozabalak landatuko dira. Aurretik eremua prestatzea ezinbestekoa izango da: moztutako pinuen adarrak bildu, sasiak ebaki berez sortu diren hostozabalak errespetatuz, eta landare inbaditzaileak (sasiakaziak) moztu.