Ezarpen ekonomiko berriak Arrasatera ekartzeko aurrera pausoak emanez
2018/05/30Saio irekia egin du Arrasateko Udalak, Garaia eta Saiolan-en laguntzarekin, Udaleko enplegu sailak ezarpen ekonomiko berriak Arrasatera ekartzeko egindako diagnosiaren emaitzak partekatzeko.
Saio ireki horretara gonbidatu ditu, hain zuzen, enpresa munduko hainbat eragile, horien artean: Edertek, Fagor Arrasate, PMG Polmetasa, Ekide, Ikerlan, Alecop, Aita Menni, LKS, MU eta JMA.
Aipatu diagnosi horren helburua da etorkizunera begira enpresen arteko sinergiak bultzatu eta, orain arteko ibilbide industrialari eta mundu mailan erreferente den kooperatibismo ereduari erreferentzia eginez, Arrasate jarduera ekonomiko berriak abiarazi eta enplegua sortzeko leku apropos gisa irudikatu eta ezagutaraztea.
Ekimen hau elkarlanean enpresa munduko zein herriko beste esparru ezberdinetako eragileekin batera partekatu eta eraiki nahi duen egitasmo bezala aurkeztu du Arrasateko Udalak.
Ezarpenak erakartzeko lagungarri izango den tresna prestatu du Udalak, eskuragarri dauden tokien mapa eguneratua.