Euskararen Erabilera Plana berritu dugu

2014/12/03
Card image cap
Herritar euskaldunek Udalarekin dituzten harremanetan euskararen erabilera sustatzea da Erabilera Plan berriak ezarri dituen lau lehentasunetako bat

Arrasateko Udalak Euskararen Erabilera Plana berritu du, orain arte indarrean egon den planean oinarrituta, eta honako lehentasunak ezarri ditu:

  • Udalaren hizkuntza irizpideak finkatzea.
  • Udal idatzietako euskararen kalitatea hobetzea.
  • Udal zinegotzien eta enplegatuen parte hartzea sustatzea.
  • Euskararen erabilera sustatzea herritar euskaldunek Udalarekin dituzten harremanetan.

Hizkuntza irizpideei dagokienez, dagoeneko onartuta daude eta udal langile guztien eskura jarri ditugu, barruko sarearen bidez. Eskuliburua jaisteko aukera hemen ere jarri dugu, inork eskuratu gura izanez gero.

Udal idatzien euskara kalitatea hobetuz

Bestalde, udal idatzietako euskararen kalitatea hobetzeko bi lan ildo aurreikusten ditugu oraingoz. Batetik, sail bakoitzak erabiltzen dituen idatzi ereduak, txantiloiak edota plantilak biltzeko asmoa dugu, orraztu bat eman eta Euskaltzaindiaren arauetara egokitze aldera. Bestetik, idazkuntza ikastaroak antolatzen hasita gaude, udal langileok eta zinegotziok idazteko gaitasuna hobetzea lortze aldera.

Udal langileen partaidetza

Parte hartzea sustatu du Udalbatzak aspaldi honetan, hainbat esparrutan sustatu ere, eta Euskararen Erabilera Planean ere hala nahi du. Horregatik, Udal langileei gonbitea luzatu die iradokizun eta ekarpenak egiteko euskararen erabilera sustatu eta normalizatzeko; oro har udal jardueran, eta, zehazkiago, bakoitzak bere lanean.

Herritar euskaldunei zuzendutako kanpaina

Azkenik, herritar euskaldunak sentsibilizatu nahi ditu Udalak, udal zerbitzu guztietan euskara erabiltzeko, eta hartarako datorren urtean kanpaina bat egingo du Arrasateko Udalak.