EUSKAL HERRI FEMINISTA ERAIKITZEKO KONPROMISOA
2014/03/07Martxoaren 8a hurbiltzen ari zaigu, Emakumeon Eguna. Urteetako borrokak gogoratzeko eta ospatzeko aukera ematen digu baina, batez ere, emakumeon egoeraren inguruko hausnarketak partekatu eta balantzea egiteko aukera ona izaten da.
Krisiaren itzalpean, kapitalak eta patriarkatuak mozorroa kendu dute. Eta emakumeok orain arte lortutako askatasun eta eskubideak galtzen ari gara. Inboluzio une batean gaude. Historia ez da lineala eta ez goaz beti aurrera; baina historia idatzita ez dagoenez, ezer ez da aldaezina. Inboluzio une batean bagaude ere, gure esku dago borroka feminista indartu eta, haizea alde ez izan arren, egoera aldatzea.
Emakumeon egungo egoera hitz gutxitan laburbildu beharko bagenu, honela jasoko genuke: lan-merkatuan gero eta biluziago, zaintzaren motxilan gero eta harri gehiago, umetokia Estatuaren lurralde bihurtuta eta gorputza indarkeria sexistak moretuta. Hori guztia, emakumeon eta familia-eredu heterosexual tradizionalarekin bat egiten ez dutenen kontrako eraso ideologikoarekin lagunduta.
Lan-merkatuan gero eta biluziago gaude emakumeok. Botere ekonomikoaren mesedetan arautzen ari da lan-mundua, lanerako gorputza, burua eta eskuak besterik ez ditugunok babesgabe utziz. Haurdun dauden emakumeak kaleratzeko aukera legeztatu da, lan-baldintzak okertzen ari dira orokorrean eta emakumeak nagusi diren hirugarren sektorean bereziki, eta sektore feminizatuetan behin-behinekotasuna, ziurgabetasuna eta prekarietatea dira nagusi. Horrekin batera, lan-merkatutik kanpo uzten ditugun etxeko lanak eta zaintza-lanek emakumeen bizkar erortzen jarraitzen dute, pertsonen zaintza luxua balitz, horretarako dauden zerbitzuak eta laguntzak murriztuz.
Gure gorputza geurea dela ukatu nahi digute. Gure umetokia Estatu-arazo bihurtu dute, baina arazoa ez ote da izango emakumeak garela?. Espainiako Gobernuak, abortatzeko eskubidea ukatzeko kontrarreformarekin, emakumeok ama-emazte soilik izatera mugatzen gaituen ideologia ezin ultragoaz erantzun du, eta duela 40 urte oihukatutako aldarriak berriz etorri zaizkigu umetokietatik eztarrietara.
Abortuaren kontrarreformarekin batera, emakumeon askatasunaren eta aniztasunaren kontrako eraso gehiago datoz, otzan eta menpeko bihurtzeko. Patriarkatuaren zutabea den familia-eredu tradizionala edo heteropatriarkala indartzeko neurriak bitarte: Ugalketa lagundurako eskubidea bikote heterosexualentzat soilik, haurdun geratzen den emakume oro haurra izatera behartu, norberaren gorputza eta desioak ezagutu eta garatzeko sexu-hezkuntza murriztu edo LOMCErekin guztiz ezabatu, elizgizon esanguratsuen ahotik sexu bereko pertsonen arteko harremanak gaixotasun gisa aurkeztu nahi dizkigute, eta indarkeria sexistaren dimentsioa ezkutatu, garrantzia kenduz, datuak makilatuz eta batzuetan justifikatuz. Erakunde publikoek eta hedabideek horretan duten ardura ez da txikia.
Emakume eta gizon askeak, buru eta gorputz-jabeak izateko heziketa zein garrantzitsua den ondo dakitenez, LOMCErekin Espainiako Gobernuak berdintasun eta hezkidetzaren alde egindako lana ezabatu eta erlijio katoliko erradikalena erdigunean jarriz, Elizarekin bat sartu nahi dute eskoletan, haurren gogoak kolonizatzeko.
Hedabideetan ere atzerakada garrantzitsua atzematen dugu eta bereziki larria iruditzen zaigu bertako hedabide publikoetan gertatzen ari dena. Gaurkotasunezko arazoen inguruko eztabaida eta tertuliatan emakumeon presentzia anekdotikoa da. Ikus eta entzunezinak gara. Horrez gain, hedabideetako edukiek eta publizitateak estereotipo, rol eta balio sexistak elikatzen eta indartzen dituzte. Gaur egun esan dezakegu hedabideak estereotipoen habia direla.
Inboluzio itzela sufritzen ari gara. Emakumeok subjektu politiko gisa, eskubide osoko herritar gisa onartzetik gero eta urrunago gaude. Egungo krisia emakumeon askatasunen eta sexuen arteko berdintasunaren krisia ere bada, bete beharreko helburu asko bagenituen ere, atzera pauso nabarmenak ematen ari garelako. Botere politikoek eta ekonomikoek norabide horretara eraman nahi gaituzte, emakumeok berriro ere sistema hetereopatriarkalaren kaiolara lotu nahirik.
Egoeraren irakurketa gordinak etsipenean erortzeko baino, egoeraz jabetu eta erantzuna pizteko balio izatea nahiko genuke. Elkarlanean, emakumeon arteko sare sendoak sortuz, atzerapausoak identifikatu eta hauei aurre egin. Eta gure bidea egin, guk nahi duguna izateko, euskaldunak, askeak, zernahi. Eta zabal dezagun gure sarea eta lana esparru guztietan, esparru sozio-ekonomikoan, kultura arloan, esparru politikoan, erakundeetan. Eta elika ditzagun aliantzak eragile sozial, politiko eta sindikalekin, inguruko emakume eta gizonekin, Euskal Herri euskalduna eta feminista eraikitzeko.
ARRASATEko Udaleko zinegotziok, Emakume eta gizon askeen Euskal Herria helburu lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartu nahi dugu, besteak beste:
- Aurrekontuetan Berdintasun politikak sustatzeko partidak izanez
- Udal kudeaketan Berdintasun-ikuspuntua zutabe bezala hartuz
- Emakumeen elkarte oro eta mugimendu feministarekiko harremanak indartuz
Azkenik, martxoak 8a dela eta, Arrasaten egingo den manifestazioan parte hartzera animatu nahi ditugu berdintasunarekin bat egiten duten emakume eta gizon guztiak.
Arrasateko Udaleko Bildu, Aralar eta PSE-EE alderdiak.