Etxaluze-Musakola: Udalak bizikleta mahaiaren proposamena onartu du
2014/11/18“ETXALUZE-MUSAKOLA BIDEGORRIA EGITEKO PROIEKTUA” idazteko prozeduran, lan horien adjudikataria izan den “BIDEIN S.L.” enpresak joan zen irailean proiektuaren Aukeren Azterketa izeneko dokumentua aurkeztu zuen.
Planteatutako aukerak erakusgai izan dira Kulturaten, irailaren 22tik 26raino, eta baita Udalaren web orrian ere. Horretaz gain, inkesta bat prestatu zen jendeak bete zezan, zuzenean Kulturateko erakusketan edo interneten bidez. Bi era horien bitartez jasotako inkesten emaitzak batu eta gero, zati bakoitzean gehiengoak lehenetsi dituen aukerak lotuz, oinarrizko planoa eratu zen, abiapuntutzat hartuz, bizikletaren mahaian aztertua izan zedin.
Bizikleta mahai hori joan den urriaren 29an osatu zen eta egun horretan lehenengo bilera egin zuen. Hurrengo bilera azaroaren 5ean izan zen.
BIZIKLETA MAHAIAREN PROPOSAMENA
Mahai horrek, adostasun handi batekin, bere proposamena egin du, plano batean jaso dena. Bertan ikusi daitekeena da tarte guztietan trazadura zehatz bat proposatzen dela, 4. tartean izan ezik, non mahaiak 3 aukera planteatu dituen.
Proposamen bateratu hori lortzeko bidean, bi irizpide nagusi adostu ditu mahaiak, jarraian azaltzen direnak:
1).- 30-40 km/h bideei buruzkoa:
- * 30 km/h abiadurako errepide denean, ahal den guztietan, bizikletentzako segurtasuna bermatzen bada, errepidean partekatuko da bidea autoekin.
- * 40 Km/h abiadurako errepidea denean, bizikletentzako bide bereiztua izango da (beti ere, egoerak, bideak eta espazioak horrela egitea usten badu).
2).- Bizikleta bideak egiteko, ez zaio oinezkoari tokia kenduko.
Espaloi zabal batek denontzako tokia uzten duenean bertan bidegorria egin daiteke. Baina ezingo da inoiz espaloia kendu eta oinezkoak espaloi gabe utzi bizikleta bide bat sartzeko, adibidez Gipuzkoa etorbidean proposatzen zena.
Bestalde, obren exekuzioaren inguruan, mahaiaren proposamena da obra osoa ahalik eta lasterren eta aldi berean egitea. Edozelan ere, faseetan eginez gero, obrak bi zatitan egin beharko lirateke:
- 1.- Maala-Musakola
- 2.- Kontzeziño-Maala