Eskualdeko alkateek bigarren bilera egingo dute Gipuzkoako Foru Aldundiko mugikortasun arduradunekin
2024/02/13Pasa den 2023ko azaroan egin zuten Debagoieneko alkateek Foru Aldundiko mugikortasun arduradunekin bilera autobus zerbitzua hobetzeko asmoarekin. Positibotzat jo zuten orduan bilera, eta elkarlanaren bidean urratsak emateko konpromisoa hartu zuten.
Bilera hartatik eskualdeko mugikortasun antolaketa plan berria egiteko beharra identifikatu eta udalerriek plan estrategiko hori lantzeko lankidetzarako prestutasuna erakutsi zuten. Plana egiteko beharren identifikazio lanetan aritu dira eskualdeko udalerriak, eta hori izango da bileran alkateek aurkeztuko dutena.
Plana egiteko beharrak identifikatuak
Bi lan lerro ireki nahi dituzte eskualdeko alkateek autobus zerbitzu publikoa hobetzeko. Alde batetik zerbitzuaren funtzio eta misioari erreparatzea eta autobus zerbitzu publikoa gai estrategiko bezala kokatzea eskualdearentzat. “Debagoienaren barne zein kanpo konexioak oso murriztuak egon dira. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu, barne mailan, herri guztien arteko konexioak areagotzea, baina baita kanpo konexioak ere, beste eskualde edo eta hiriburuekin konektatzeko. Beste eskualde batzuk ez bezala, Debagoienak autobus zerbitzua du garraio publiko bakarra, eta hau indartu eta eskualdearen garapenerako tresna estrategiko bezala ulertu beharra dagoela” adierazi dute alkateek.
Bigarren lan ildo bezala kokatu dute erabiltzaileek oro har eskatu izan dituzten hobekuntzetan aurrerapausoak ematea, besteak beste, ordutegiak hobetzea, lineen arteko konbinazioak hobetzea, puntualtasuna bermatzea, informazio handiagoa izatea, langile zein erabiltzaileen segurtasun arazoei konponbidea ematea, autobus geltokietan sortzen diren trafiko arazoei irtenbidea ematea, beharrezko momentuetan errefortzuak jartzea, gaueko autobusa hobetzea, autobusean bizikletan sartu ahal izatea bermatzea, herri txikietara taxi busaren zerbitzua ematea edo eta eskaripeko zerbitzuaren (deien bidez aurrez eskatzen direnak) eredua aldatzea.
Hitzordua jartzeko zain
Azaroan abiatutako lanketari jarraipena egiteko bigarren bilera izango da honako hau, eta aldundiak hitzordua egiteko prestutasuna adierazi du. Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Azahara Domínguez Diputatuak eguna jarri zain daude Debagoieneko alkateak. Elkarlanaren bigarren hitzordu honetan autobus zerbitzua hobetzeko aurrerapausoak emango direla ziur agertu dira alkateak.