Eskolako Agenda 21eko azken fasea moldatu du Udalako Ingurumen Eskolak

2020/05/04
Card image cap
Eskolako Agenda 21eko zenbait ekintza bertan behera geratu direnez, proiektuko azken fasea moldatu da, ez-ohiko ikasturte amaiera dela eta.

2019/2020 ikasturtea berezia izan da, izan ere, Covid-19ak sorrarazitako alarma egoera dela eta, bertan behera geratu dira Eskolako Agenda 21en baitan aurreikusita geneuzkan jarduera guztiak, martxoaren 13tik hasi eta ikasturte bukaeraraino.

Esate baterako, lehen hezkuntzako 1., 2. eta 3.mailako ikasle gehienak Udalako Ingurumen Eskolan egonaldia egin gabe geratu dira aurten. Gainera, ezin izan ditugu egin 1. eta 2. mailako ikasleekin programatuta geneuzkan herrian zehar egiten ditugun saioak ere. Horretaz gain, bertan behera geratu dira urteko gaiarekin lotuta egiten den ez-ohiko udal plenoa eta eskolen arteko foroak. Iazko proposamenen jarraipen bilera ere ezin izan dugu egin.

Hala ere, ikasturte honetan ikasleek egindako lana oso baliagarria izan da eta plastikoen erabilera nolakoa den ezagutzeko aukera izan dugu, herriko diagnostikoa osatuz. Horretarako, besteak beste; herriko kale batzuen garbiketa egin dugu, denda batzuetako plastikoen erabilera aztertu dugu eta herritarren erosteko ohiturak behatu ditugu. Ikerketa lan horri esker, ikasleekin batera hainbat ondorio atera ahal izan ditugu. Tamalez, eskolen arteko foroak ezin izan ditugunez antolatu, ez dugu izan aukerarik ikasleen konpromisoak eta Udalari egindako proposamenak jasotzeko.

Hori dela eta, ikasleekin egindako lana erakusten duen boletina eta bideoa prestatu ditugu. Bertan adierazten den bezala, gonbita egiten diegu ikasle, irakasle zein gurasoei aurtengo gaiari buruzko ekarpenak guri helarazteko. Udal web gunean, Udalako Ingurumen Eskolako atalean daude biak ikusgai. www.arrasate.eus/eu/udala/udal-sail-eta-zerbitzuak/ingurumena/udalako-ingurumen-eskola/eskolako-agenda-21/plastikoak

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkizuegu denoi parte hartzeagatik.

Espero dugu laster ekimen berriak egin ahal izatea, Arrasatek aurrera egin dezan jasangarritasunaren bidean!