Eskolako Agenda 2030en itxiera saioan ikasleek proposamenak aurkeztu dizkiote udalari osoko bilkuran

2021/06/11
Card image cap
Ikasturte osoan zehar egindako lanen ondorio dira ikasleek udalari egindako proposamenak

Udalako Ingurumen Eskolak (UIE) dinamizatzen du Eskolako Agenda 2030 proiektua Arrasaten eta, horren barne, herriko ikastetxe guztietako Lehen Hezkuntzako ikasleek, 1.161 ikasle guztira, egun beteko egonaldiak egin dituzte Udalako Ingurumen Eskolan, egoera berriak eskatzen dituen ohiko neurriekin.

Egonaldiotan “Egoera berritik iraunkortasunerantz” gaia landu da; hau da, nola, bizi dugun pandemia egoerak lotura zuzena duen ingurumenean gizakiok eragindako eraldaketekin, eta zelan horrelako larrialdiei aurre egiteko, zein biodibertsitatearen galerari eta klima-larrialdiari irtenbidea topatzeko, ezinbestekoa den guztiei batera heltzea.

Gaian sakontzeko gure herrian bertan ikus ditzakegun ingurumen eraldaketak aztertu ditugu: harrobiak, eraikuntzak, deforestazioa eta egur landaketak, besteak beste. Baita iraunkortasunerantz joateko norberak egin ditzakeen keinuak eta, Arrasateko Udalak egin ditzakeenak.

Ikasturte bukaeran ikastetxeen arteko foroetan adosten da Udaleko osoko bilkuran aurkeztuko den txostena. Aurten, pandemiaren eraginez, ezin izan dira antolatu ohiko foroak. Hori dela eta, ingurumen eskola arduratu da informazioa biltzen eta ondorio eta proposamen deigarrienak jasotzen. Jasotakoarekin osatu da boletina eta ikasleek parte hartzen duten bideoa. Guztia aurkeztu da ekainaren 17ko osoko bilkuran

Udalari egindako proposamenen artean daude: aurrekontu gehiago jartzea ingurumena berreskuratzeko proiektuetarako, herritarrei udalerriko natura eta errekuperatutako leku hauek ezagutzera emateko irteerak antolatzea, eukalipto landaketak egiteko zailtasunak jartzea, Udalaitzek daukan balio naturala babestea eta herri barruko bidegorriak lotzea, besteak beste.

Ikasleak hartzeko prest dauden konpromisoen artean azpimarragarrienak izan dira: “behin erabili eta botatzeko” produktuak ez aukeratzea, elikagaiak nondik datozen eta nola eginda dauden begiratzea, bilduki gutxiago duten produktuak erostea eta herri barruan oinez, bizikletaz edo patinetez mugitzea.