Arrasateko ikasleek Eskolako Agenda 2030aren aurtengo konklusioak aurkeztu zituzten atzo osoko bilkuran.

2023/05/12
Card image cap
Ikasleak bilkura aretoan
Legealdiko azken osoko bilkuran aurkeztu ziren Arrasateko ikasleek ikasturte honetan jasotako ondorioak, proposamenak eta konpromisoak, 'energia eta hiri jasangarria' gaiaren inguruan.

Arrasateko Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 20 ikasle ordezkariek aurkeztu zituzten ikasturte honetan egindako lanak, jasotako ondorioak, udalari egiten dizkioten proposamenak eta ikasleek beraiek hartzen dituzten konpromisoak

Aipatu zuten mota askotako ekintzak gauzatu dituztela ikasturtean energiaren gaia herrian kokatzeko eta egoera zein den ulertzeko, hala nola Udalako Ingurumen Eskolatik gidatutako ibilaldiak, bai Udalan eta baita herrian zehar ere; Kulturola eraikineko eta Debagoieneko Mankomunitateko energia berriztagarriak ikusteko, adibidez. Gainera, besteak beste, ikasleek beren ikastetxeetako energia kontsumoak aztertzen aritu dira eta ekintzak egiten enegiaren erabilera murrizteko.

Ikasleek egindako proposamenak eta konpromisoak hiru arlotan banatu dituzte; lehena, mugikortasun alorrekoak izan dira, energia gehien erabiltzen duen sektorea garraioarena delako, adibidez, proposatu dute herrian "herriko bidegorri sarea osatzea", "espaloien zabalera handitzea" eta "garraio publikoa indartzea".

Bigarren arloa izan da energiari lotutako kontsumoa, eta aipatu dute "beharrezkoak direla herriarentzat informazio, komunikazio eta sentsibilizazio kanpainak" eta "sistemak ezarri behar direla eraikin publikoetan energiaren kontsumoa gutxitzeko", besteak beste. 

Azkenik, argiteria publikoan oinarritutako proposamenak egin dituzte, eta neurri batzuk proposatu dituzte kutsadura luminikoa gutxitzeko eta eraginkoratsun energetikoa bultzatzeko. 

Ikasleek azaldu dute herri jasangarri eta atsegina gura dutela eta presta daudela horretan laguntzeko; horregatik, konpromisoa hartu dute arlo guztietan beren jarrera eta ohiturak aldatzeko.  

Ikasleen konklusio eta proposamen guztiak entzun ostean, alkateak eskerrak eman dizkie egindako lanagatik, eta esan die hurrengo ikasturtean proposaturiko guztia jasoko dutela, proposamen horiek errealitatera eramateko ekintza planaren barruan, Eskolako Agenda 2030 proiektuak markatzen duen bezala.

Primerako lana, zorionak eta eskerrik asko egindako lanagatik parte hartzaile guztiei!