Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du abian Arrasateko Udalak
2020/04/21Errenta aitorpena egiteko epea zabaldu berri da, eta Arrasateko Udalak euskaraz egitera animatu nahi ditu herritarrak. Azken urteetan, gora egin du errenta aitorpena euskaraz egin duten herritarren kopuruak -%18-, baina bilakaera positiboa izan arren, oraindik ere datua hobetu daitekeela uste du Udalak.
Oraindik pausoa ematera animatu ez diren arrasatearrak gonbidatzen ditu Udalak errenta aitorpena euskaraz egitera. Era horretan, euskarari bide berriak irekitzeaz gain, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da.
Gipuzkoako Foru Ogasunarekiko euskarazko hizkuntza hautua errenta kanpainaren barruan edota urte osoa zehar burutu daiteke, Diputazio osoarekiko harreman hizkuntza euskara izan dadin.
Aurten, COVID-19ak eragin duen salbuespen egoera honen aurrean, neurriak hartu behar izan ditu Ogasunak errenta aitorpena egiteko: epea apirilaren 15etik uztailaren 29ra arte luzatu dute, baina online egiteko soilik; aurrez aurreko tramiteetarako bulegoak itxita egongo dira epe berriak ezarri arte. Dena den, errenta aitorpena egiteko hiru modu daude, eta guztietan erabili daiteke euskara:
- Mekanizatua (aurrerago jakinaraziko dute noiz irekiko den epea):
Hitzordua hartzerakoan, adieraz ezazu Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.
- Ogasunarekin aurrez aurreko harremanak edo telefono edo internet bidezkoak euskaraz izan ditzakezu, horrela eskatzen baduzu.
- Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu.
- Autolikidazio-proposamena:
- Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan, eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.
- Internet bidezkoa:
- Errenta-programa euskarazko bertsioan jaitsi Internetetik, eta hobetsitako hizkuntzaren atalean euskara aukeratu.
- Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, espresuki adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.
Gogoratu kontsultak egin edo argibidetarako 902 100 040 telefono zenbakira deitu dezakezula, Bergarako Ogasuneko bulegora joan edo Gipuzkoako Foru Aldundiko webgunean kontsultatu (https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ogasuna).