Eragile ezberdinekin elkarlanean antolatu du Emakume Txokoak aurtengo martxoak 8ko egitarau zabala
2025/03/03
Zapatuan ospatuko da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Arrasateko Udaleko Emakume Txokoak kartela eta egitaraua aurkeztu ditu.
Lexuri Doyague Loitiren kartela
Lexuri Doyague artista arrasatearraren kartela da aurten Emakume Txokoak eta Arrasateko Udalak aurkeztu dutena. Bigarren urtez, aurten ez da lehiaketarik egin, izan ere, “azken urteetan emaitza ez zen nahi bezalakoa izaten ari, eta kartela Arrasateko emakume artistei enkargatzea erabaki genuen pasa den urtean. Ondorioz, herriko emakume artistekin lan egiten jarraitzen dugu”.
Doyaguek, bere aldetik, kartelarekin transmititu nahi izan duenaz galdetuta, hauxe erantzun du. “Azal beraren azpiko milaka hazi gara, elkarren ondoan estu bilduak, ezberdinak baina kideak. Taupadaz taupada, pun-pun, pun-pun, elkarren ondoan ari gara esnatzen, ernaltzen, elkarri entzuten eta elkarri irakasten…intimitatean kozinatutakoa mundura ateratzera, munduari erakutsi eta irakastera”. Eta guzti hau islatzeko, granada bat erabili izanaren zergatiaz, hauxe gehitu du: “granadak pasioa iradokitzen digu, sentsualitatea, baina baita indarra eta bortizkeria ere. Irudi horren bidez transmititu nahi izan dugu aurtengo martxoaren 8ko mezua ere”.
Elkarlanaren emaitza aurtengo egitaraua
Aurtengo M8ko egitarauak ekimen sorta zabala jasotzen du, halaxe adierazi du Amets Beltran Guevara berdintasun teknikariak. Hala, herriko nahiz eskualdeko kolektibo feministak, Arrasateko Udal Bibliotekak eta Sasoibidek osatu dute aurtengoa.
Egitarauaren baitan, hainbat ekimen eta emanaldi jasotzen dira, bai Udalak antolatutakoak eta baita ere herriko eragile ezberdinek antolatu dituztenak. Berdintasun teknikariak “herritar guztiak” gonbidatu ditu “aldarrikapen egun horren testuinguruan antolatu diren askotariko ekimenetan eta mobilizazioetan parte hartzera”.
Egitaraua abian jarriko da martxoaren 8an “Emakume artisauen eta bertako ekoizleen azoka”rekin. Azokak eskaini nahi die plaza emakumeek sortutako artisau lanei eta emakumeek ekoiztutako bertako produktuei. Azoka goizeko 10:00etatik 14:00etara izango da Seber Altube plazan. Zehazki 24 postuk osatuko dute aurten azoka, eta besteak beste ogia, eztia, gazta eta tankera ezberdinetako gozoak erosi eta dastatzeko aukera eskainiko da. Artisauei dagokienez, askotariko lanak ikusi eta erosi ahal izango dira. Mota eta material ezberdinez egindako bitxiak, kakorratzez egindako arropak, poltsak, xaboiak, ukenduak etab. Etxeko txikientzako ere tailerrak eskainiko ditu Txatxilipurdik Seber Altuben. Aurpegiak margotzeko aukera eskainiko zaie haurrei eta gazteei, eta baita txapak egitekoa ere.
Martxoaren 8arekin jarraituz, hainbat eragilek mobilizazioak antolatu dituzte:
Aurretik, 11:30ean Sasoibide elkarteak Lilabide izeneko ibilaldia antolatu du, 5 kilometrokoa, emakumeei zuzenduta, Biteri plazatik abiatuta.
Arratsaldean 18:00etan Seber Altube plazatik abiatuta, Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak! Lelopean manifestazioa antolatu du Arrasateko Mugimendu Feministak. Herriko plazan bukatuko da manifestazioa. Ostean triki poteoaz gozatzeko aukera izango da.
“Aurretik adierazi bezala, azpimarra jarri nahi diegu ekimen hauei eta herritarrei dei egiten diegu bertan parte hartzera”.
Martxoak 8az haratago ere, egitarau zabala
Egitarauarekin jarraituz, martxoak 14ra jauzi egingo dugu. “Luchadoras” antzerki emanaldia izango da JAMEko auditorioan, 18:30etan, Carla Novi zuzendari eta aldi berean antzezlearen eskutik. Luchadoras antzerki ikuskizuna, drama sozial bat da. Mexikoko gizartean emakumeek bizi duten egoerari eta beren egunerokoan jasaten dituzten indarkeriei buruzkoa, zeinetan feminizidioak eta bortxazko desagerpenak egunerokotasunaren parte diren. Gaiaren gogortasunari ikuspegi artistiko oso iradokitzaile batetik heltzen dio antzerki honek. Bertaratzera gonbidatuak zaudete.
Eta martxoaren 31an berriz, hausnarketa sustatzeko helburuarekin ”Nola erantzun sexu-indarkeriaren inguruko zarata mediatikoaren aurrean?” solasaldia antolatu dugu. Horretarako Idoia Arraiza gonbidatu dugu. Arraiza, besteak beste Emagin Elkarteko kidea da, ikerlaria, ekintzaile feminista eta indarkeria matxistan aditua.
Solasaldi honetan, sexu erasoak pairatu dituzten emakumeei ematen zaien trataera mediatikoaz gogoetatzeko espazio bat eskaini nahi dugu. Eta emakume hauen sinesgarritasunari, babesari eta erreparazio beharrei ere arreta jarriko diogu. Kezka guzti horiei nolabait erantzuteko eta problematika honen baitan eduki ditzakegun zalantzak argitzeko aukera izango dugu.