Emilia Larrea Sáez de Adana aitortuko du Arrasateko Udalak azaroaren 10ean, Memoriaren egunean
2024/11/052016 urtean, Arrasateko Udalak memoria eta bizikidetza lantzeko bideari ekin zion. Udaletxean ordezkaritza politikoa zuten alderdien arteko elkarlana eta oinarrizko kontsentsuei esker, 1936-2018 urteen artean herrian izandako eta Arrasateko herritarrek pairaturiko indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen memoria berreskuratzeko pausuak eman ziren. Egindako memoria ikerketei jarraipena emate aldera eta hauek oinarri bezala harturik, biktima guztien oroimen eta aitortza bideari hasiera eman zitzaion.
Legealdi berri honetan ere, Bizikidetza Batzordeak aurreko urteetan adosturiko urratsei jarraipena eman nahi izan dio, azaroak 10a -Memoria eguna- hildako biktimei aitortza ekitaldiak egiteko baliatuz, eta bide horretan, Arrasateko herriarekin lotura estua duten biktimak aitortuz eta oroituz. Beraz, bide honetan, Arrasateko Udalak, bertan ordezkaritza politikoa duten lau alderdien arteko elkarlana eta adostasunari esker, motibazio politikozko indarkeriak eragindako Giza Eskubideen urraketen biktima den Emilia Larrea Sáez de Adana oroitu eta aitortu nahi du.
Emilia Saez de Adana Arrasateko Larrea baserrian bizi zen, bere senarra eta hiru semeekin. 1978ko azaroaren 15ean baserriaren atarian zegoen, Jesus Maria Murgiondo semearekin eta bisitan joandako Crescencia Vidaurreta auzokidea eta haren alabarekin batera. Egun horretan bertan, arratsaldez, Komando Autonomo Antikapitalistetako kideek Aretxabaletako kuartela metrailatu zuten. Kaleko jantzita zihoazen hainbat agentek Arrasateraino jarraitu zituzten, eta tiro egin zieten: kideetako bi hil zituzten eta beste kide bat eta bi oinezko zauritu zituzten. Hiru minutu igarota, Arrasateko hainbat guardia zibil agertu ziren bertara, baina uniformerik gabeko guardia zibilak ezagutu ez eta tiro egin zieten. Balek ez zituzten guardia zibilak jo, bai, ordea, Emilia Larrea: lepoan jo zuen bala batek, eta bertan hil zen. Emilia 52 urte zituen.
Ekitaldia Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan
Azaroak 10ean egingo den ekitaldiarekin, Arrasateko Udalak Emilia Larrea Sáez de Adana oroitu eta biktima bezala aitortu nahi du. Beraz, arrasatear guztiak, datorren igandean, goizeko 11.00etan Udaletxeko Pleno Aretoan izango den ekitaldira gonbidatuak daude.
Emilia Larrea Sáez de Adanaren inguruan Argituzek 2018an egindako “Memoria partekatu baterantz. 1956-2018 Arrasate-Mondragon” liburuan jasotako informazioa.
Emilia Saez de Adanak 52 urte zituen. Eskoriatzakoa zen jaiotzez eta Arrasateko Larrea baserrian bizi zen. Hiru semeren ama zen. Etxean eta baserrian egiten zuen lan, eta arrautzak eta ortuko barazkiak saltzen zituen. 1978ko azaroaren 15ean baserrian zegoen, Jesus Murgiondo semea eta Crescencia Vidaurreta auzokidearekin eserita; bisitan joan zitzaien azken hori, alabarekin batera. Egun horretan bertan, arratsaldez, Komando Autonomo Antikapitalistetako kideek Aretxabaletako kuartela metrailatu zuten. Kaleko jantzita zihoazen hainbat agentek Arrasateraino jarraitu zituzten, eta tiro egin zieten: kideetako bi hil zituzten eta beste kide bat eta bi oinezko zauritu zituzten. Hiru minutu igarota, Arrasateko hainbat guardia zibil agertu ziren bertara, baina uniformerik gabeko guardia zibilak ezagutu ez eta tiro egin zieten. Balek ez zituzten guardia zibilak jo, bai, ordea, Emilia Larrea: lepoan jo zuen bala batek, eta bertan hil zen. Beste bala batek Crescencia Vidaurretaren izterra jo zuen. Zenbait egun igarota, bi guardia zibil gerturatu ziren baserrira barkamen-eske: alarguna negar batean atera zen eta, mesedez, joan zitezen eskatu zien. Gertakariek ez zuten inongo zigorrik eragin. Familiak indarkeriaren biktimatzat onartzeko eskaria egin zuen Indarkeriaren Biktimen Legearen babesean, baina Barne Ministerioak ukatu egin zuen eskaria. Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak, ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuaren esparruan, biktima-izaera onartu die bai Emilia Larreari, bai Crescencia Vidaurretari.