Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak argiztatzeko ‘Lumineszenteak’ erakusketa antolatu du Udalak apirilaren 28tik maiatzaren 13ra Kulturaten
2022/04/21Emakume Txokoak, Kultura sailaren laguntzarekin, ‘Luminiszenteak’ erakusketa aurkeztu du. Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak eta erresilientzia historia zenbait batzen ditu eta apirilaren 28tik maiatzaren 13a bitarte egongo da ikusgai Kulturateko klaustroan.
Bertan, Igone Mariezkurrena kazetariaren eta Irantzu Pastor argazkilariaren Luminiszenteak proiektuan oinarritutako lanak ikusi ahal izango dira.
LUMINESZENTEAK proiektuak diskurtso nagusietan lekurik ez duten emakumeen bizitza historiak eta irudiak batzen ditu. 2018-2021 bitarte, PALESTINAn, INDIAn, LAKOTA NAZIOAn eta EUSKAL HERRIAn bertatik bertara dokumentatutako narrazioak eta material grafikoa dakartza.
Material horretatik abiatuta Luminiszenteak liburua ondu dute egileek; bertan, 63 emakumeren testigantzak eta erretratuak jaso dituzte. Luminiszenteak erakusketak izen bereko liburua du oinarri, haren laburpen edo lagin bat da eta, orotara, 4 herrialdetako 24 emakumeren testigantzak eta irudiak dakartza.
Testuinguru oso gogorretan jaio eta hazi arren, aurrera egin eta ingurukoen artean indarra eta kemena kutsatzeko gai diren emakumeak dira obra honetan protagonista. Emakumeen inguruko diskurtso homogenizatzaileak apurtu eta, horien ordez, begirada konplexuagoak bideratzeko saiakera bat da LUMINESZENTEAK.
“Indarkeria patriarkalaren adierazpen-sorta zabala generoarekin, arrazarekin, etnizitatearekin, klasearekin eta sexualitatearekin nola gurutzatzen den ulertzeko ahalegin bat da -azaldu dute egileek-. Gorputz bortxatu eta pasiboen ideia alde batera utzi eta, horren ordez, beren burua defendatzen duten eta aurka egiteko gai diren gorputzen ideia indartuko duten narratiba berriak sortzeko ekarpen bat da proiektu hau. Iluntasunean argia igortzeko gai diren izakiak dira LUMINESZENTEAK”.