Emakume Txokoak Zinegoak LGTBIQ+ Film laburren emanaldia eta tailer bat antolatu ditu, maiatzean sexu eta genero aniztasuna aldarrikatzeko
2023/05/03Emakume Txokoak jarduera bi antolatu ditu maiatzean, sexu eta genero aniztasuna aldarrikatzeko eta gizartean aniztasunarekiko begirada zabaltzeko.
Maiatzaren 9an, film laburren proiekzioa izango da, Zinegoak Hedapena programaren barruan, eta Emakume Txokokoabekuntza Eskolak ‘Betaurreko binarioak apurtzen, aniztasunaz jabetzen’ tailerra eskainiko du maiatzaren 13an.
Bilboko LGTBIQ+ Zinegoak nazioarteko jaialdia 2004an sortu zen, kultura, zinema eta arte eszenikoen bidez aniztasun sexualari buruzko sentsibilizazioa lantzeko, eta 20 urteko ibilbidean, Zinegoak erreferentzia bihurtu da LGTBIQ+ gaiko ekitaldi zinematografiko-eszenikoen artean.
Urte hauetan, Zinemaldiak presentzia izan du herrietan ere, Zinegoak Hedapena ekimenaren bitartez. Arrasatek, Emakume Txokoaren bitartez, hainbat urtez parte hartu du ekimen horretan, herrian ere aniztasunarekin eta kulturarekin lotutako edukiak eskaintzeko. Maiatzaren 9an, martitzenean izango da aurtengo emanaldia, 19:00etan, Kulturaten areto nagusian. Sarrera doakoa da.
Edizio honetan 7 film labur ikusi ahal izango dira, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin, euskaraz eta gaztelaniaz. Hiru film euskal sorkuntzak dira eta euskaraz proiektatuko dira; gainerakoak Espainian, Libanon, Brasilen edo Iranen sortuak dira. Proiekzioaren ondoren solasaldi bat izango da, Xabier Vallina LGTBIQ+ mugimenduko aktibista eta zinemagile arrasatearrak gidatuta.
Aurtengo Zinegoak jaialdia ekainean ospatuko da, eta bertan emango diren filmen aukeraketa bat aurrez Arrasaten ikusi ahal izango dugu. Emakume Txokoak herritarrak gonbidatu gura ditu aukera hau baliatu dezaten proiekziora hurbiltzeko eta kalitatezko zinema kritikoa ikusteko, eta LGTBIQ+ errealitate aniztasuna jorratzeko.
Aurretik aipatu bezala, eta begirada hori zabaltzen jarraitzeko, Emakume Txokoaren Jabekuntza Eskolak ‘Betaurreko binarioak apurtzen: aniztasunaz jabetzen’ tailerra eskainiko du maiatzaren 13an, zapatuan, 10:00etatik 13:00era.
Tailer horretan, modu kritikoan aztertuko da mundua nola behatzen den generoak eta desioak estereotipatzen dituzten betaurrekoen bide. Gune egokia da sexu eta genero aniztasunari buruz pixka bat gehiago jakin nahi dutenentzat.
Tailerraren zuzendaria Udane Hermosilla Fernandez izango da, Histeria taldekoa.
Prestakuntza doakoa da. Izena eman behar da Emakume Txokoan.