Emakume Txokoak sexu erasoen gaia lantzeko solasaldia antolatu du martxoaren 31n, Kulturaten, Idoia Arraizarekin.

2025/03/25
Card image cap
Sexu erasoen zenbait kasuk, salaketak tarteko, oihartzun publiko eta mediatiko handia eragin dute, azkenaldian. Kasu horien atzean dagoen arazoaren konplexutasunak, hausnarketa pausatua egitea eskatzen du eta gaiaren trataera egokia sustatzea, bai mediatikoa zein soziala.

Hausnarketa hori errazteko, gaiaren gakoak mahai gainean jartzeko, Idoia Arraizarekin solasaldia antolatu dugu, martxoaren 31n, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. Idoia Arraiza, ikertzailea eta ekintzaile feminista, Emagin elkarteko kidea da.

Sexu erasoen gaian sakontzeko aukera emango duten galderak luzatuko dizkio Arraizari,  Maite Barreña, berdintasun teknikariak.

Solasaldiak sexu erasoen inguruan elikatzen den iruditeria soziala eta trataera agerian jarri nahi du. Zertaz ari gara sexu erasoez ari garenean?  Orain arte, arreta jarri izan da, kalean gertatzen diren sexu erasoen bueltan, ezezagunek eragindakoa, jai girokoa…  Baina, zer gertatzen da erasoak,  gertuko espazioetan ematen direnean? Zer gertatzen da erasoen egileak boteredunak direnean? Zer gertatzen da eraso hauen inguruko isiltasuna apurtu eta salaketa publikoak aktibatzen direnean?

Indarkeria matxistak isiltasuna blindatzen du: izu sexuala, isiltasuna, inpunitatea, sinesgarritasun eta babes falta, ber biktimizazioa….Eraso sexualen salaketa publikoak sortutako erreakzioak biktimak seinalatu ditu, herri babesa eta sinesgarritasuna eman beharrean.

Zeintzuk dira gakoak, tresnak,  arazoari aurre egiteko ikuspegi feministatik? Zein galdera, eragiteko aukera eta erronka sortzen dira, zarata guztiaren erdian?

Solasaldiak, hausnarketa feministarako espazio bat eskaini nahi du, gairi buruz ditugun zalantzak, galderak eta ekarpenak lantzeko. Animatu!