Emakume Txokoak ‘PETARE. Miren Egigurenen puskak’ liburuaren aurkezpen solasaldia antolatu du maiatzaren 24rako

2023/05/18
Card image cap
Egiguren Caracasko Petare auzoan bizi izan zen 46 urtean, eta duela bost urte itzuli zen handik. Ibargurenek liburuan jaso ditu, batetik, Egigurenek urte horietan auzokideekin egindako lan komunitarioa eta, bestetik, hango bizimodua.

Leire Ibarguren Agirre idazle azpeitiarrak joan den irailean kaleratu zuen “Petare. Miren Egigurenen puskak” liburua. Aurretik “Laura esaten zioten” liburuan bezala, oraingoan, beste emakume baten biografia jasotzen du egileak, Miren Egigurenena, hain zuzen ere.

Egiguren 46 urtean bizi izan da Petare auzoan, Caracasen –duela bost itzuli zen Euskal Herrira–, eta Ibargurenek batu ditu liburuan bidaniarrak urte horietan hango auzotarrekin egindako lana eta han izandako bizimodua.

Liburu honek dakar emakume kementsu eta umoretsu baten ahotsa, lagun dituela Caracasko mendixketan pilatu auzoetako bizimoldearen doinuak. Mirentxuren bizi pusken bitartez, komunitate oso baten oihala puntada xehez emana, aproposa dena epika berriak janzteko

Venezuelako eta Caracasko bidea hartu eta bertan pasatutako urteen harira, idazleak aukera izan du, besteak beste, feminismoaz, zaintzaz eta egoera politikoaz jarduteko. Egigurenen bizitzara hurbiltzeaz gain, Caracasen Petare auzoko bizimodua ezagutarazten du liburuak.

Horretaz guztiaz mintzatzeko, solasaldia izango da liburuaren egilearekin, Edurne Epelde Pagolak gidatuta.  Epelde kazetaria da, Emagin elkarteko kidea eta “Gure genealogia feministak. Euskal herriko Mugimendu Feministako kronika bat” liburuko hiru sortzaileetako bat. Elkarrizketak izango du berezitasun bat, nokan arituko dira egilea eta elkarrizketatzailea. Nokaren erabileraren inguruan Emakume Txokoan antolatu ditugun tertuliei segida emango baitio ekimenak.

Hitzordua izango da datorren eguaztenean, maiatzaren 24an, Kulturaten, Jokin Zaitegi aretoan.

Saioa 19:00etan hasiko da.

Emakume Txokoak eta udalak dei egiten diete herritarrei hitzorduan parte hartu dezaten.