Emakume Artisau eta Ekoizleen Azoka larunbatean, martxoak 26, Seber Altube Plazan
2022/03/232022ko Martxoak 8ko egitarauak, Emakumeen Nazioarteko Eguna, aurrera darrai: hurrengo hitzordua martxoaren 26an izango da, Seber Altube plazan: Emakume Txokoak antolatutako Emakume Artisau eta Ekoizleen Azoka. Goizeko 10:00etan zabalduko da, 14:00ak bitarte.
2 urteko geldialdiaren ondoren, Berdintasun sailak antolatzen duen azokan Arrasateko eta inguruetako herrietako emakume artisau eta ekoizleen lanak eta produktuak disfrutatzeko aukera izango da berriz ere.
Herriko emakume artisau eta ekoizleekin hausnarketa prozesu baten ostean, azoka txiki eta bizia antolatu nahi izan dute, kalitatezkoa, gertukoa eta emakume artisau eta ekoizleak protagonista izango dituena, euren langintza herritarrei gerturatzeko asmoarekin eta emakumeak bertan, mimoz eta pasioz egindako lana ikusarazteko eta denon eskura jartzeko.
20 postuk osatuko dute azoka, horietatik 14 emakume artisauenak izango dira eta askotarikoak izango dira erakutsi eta salgai izango dituzten lanak (poltsak, zilargintza, bitxiak, arropa…) . Horiekin batera, 6 postu izango dira bertako produktuak (gazta, ogia, marmeladak….) eta herrialde ezberdinetako elikagaiak eskainiko dituztenak (Venezuela, Maroko...).
Azoka girotzeko Agurtzane Telleria artistak Hulahoop erakustaldiak eskainiko ditu goizean zehar.