Elma eta Zarugalde kaleko bizilagunekin bildu da Arrasateko Udala, mugikortasun planak jasotako hainbat esku hartze tratatzeko

2024/12/11
Card image cap
Mugikortasun planari ekarpenak egiteko azken eguna abenduaren 19a izango da.

Mugikortasun planari ekarpenak egiteko azken astean sartu garen honetan, Udal Gobernua parte hartze eta informazio saio ezberdinak egiten jarraitu du azken asteetan. Horietako bi kasu izan dira Elmako eta Zarugalde kaleko bizilagunak.

Bi bilera desberdin izan dira, auzo bakoitzaren abiapuntua ezberdina izan baita. Izan ere, “Zarugalde kaleko esku hartzea Mugikortasun Planean jasota zegoen, eta hau azaldu eta tratatzeko egin dugu bilera. Bestetik, Elman, Mugikortasun Planean jasota ez dagoen bizilagunen proposamena aztertzeko egin dugu bilera. Biak ala biak oso aberasgarriak izan dira” adierazi dute Udal ordezkariek.

ELMAko bizilagunen proposamen berria entzutea

Mugikortasun Planak aurreikusten ez zuen proposamen berria jasotzeko egin da Elma auzuneko bizilagunekin bilera. Hauek, auzoan duten mugikortasuna birplanteatzea eskatu dute, “azken urteetan egin ziren aldaketak, hobeto aztertu eta bizilagunen sergurtasuna bilatuko duen proposamen berri bat ezartzeko”. Udala prest agertu da gaia aztertu eta egin ziren proposamen ezberdinen bideragarritasuna lantzeko.

Zarugalde, oinezkoendako segurua

Zarugalde kaleak egun bizi duen egoera “larria” dela adierazi zioten bizilagunek Udalari. “Errepidea saihesbide bezala erabili ohi da, eta, kotxeak, abiadura handian pasatzen direla jakinarazi ziguten. Honen aurrean, berehalako esku hartzeak egitea eskatu zuten bizilagunek”.

Zentzu honetan, Udalak adierazi duenez, Mugikortasun Planeko diagnosiarekin bat dator bizilagunen pertzepzioa. Horregatik, epe ertainean, “hirigintza taktikoa baliatuko dugu Zarugalde kalean oinezkoen segurtasuna bermatzeko; izan ere, hirigintza taktikoa oso baliagarria da hirigintzan esku hartzeak modu errazagoan egiteko, behin betiko obrak egin aurretik froga ezberdinak egiteko aukera ematen duelarik” adierazi dute.

Mugikortasun Planari ekarpenak, abenduaren 19ra arte

Hilaren 19an amaituko da Mugikortasun Planari ekarpenak egiteko aukera. Planari nahi beste ekarpen egiteko aukera egongo da ordura arte, modu telematikoan edo BAZen.