Elikagaien Bankuak ateak zabalduko ditu berriro ere larunbatean Arrasaten

2020/05/07
Card image cap
Koronabirusak sortutako alarma-egoeraren ondorioz, Elikagaien Bankuak bere jarduna bertan behera utzi zuen Covid 19aren krisia hasi zenean, baina larunbat honetan, martxan jarriko da beste behin. Une honetan zerrendan 525 heldu eta 70 haur daude (4 urtetik beherakoak).

Koronabirusak eraginda, azken hilabete hauetan ezinezkoa izan da hainbat ekintza burutzea. Elikagaien Bankuak ezin izan du bere laguntza eskaini orain arte, baina Arrasaten, larunbat honetan, bere jarduera berreskuratuko du. Helburua behar gehien duten pertsona edota familiei lehentasunezko elikagaiak edota bestelako elementuak ahalbidetzea da.

Gipuzkoako Elikagaien Bankutik kezkaz ikusten dute jasotzen ari diren elikagai-eskarien gorakada. Bestalde, urtero “Udaberriko Kanpaina” izeneko diru bilketa orokor bat antolatzen da. Aurten ordea, 19-kobidaren ondorioak direla eta, ez dirudi posible aurrera ematea.

Gauzak horrela Arrasateko Udalak, Caritas eta Harremanekin batera kezka eta behar honi erantzun bat emateko asmoz, Arrasateko Elikagai Bankuaren zerbitzua ahalik eta azkarren martxan jartzeko ahalegina egin dute.

Elikagaien Bankua Caritasek eta Harremanek kudeatzen dute. Alde batetik, Caritasek onuradun zerrendak egin eta kriterioak markatzen ditu. Harremanek, bestetik, logistika eta antolaketa lanak burutzen ditu. Horrez gain, Bergarako elikagaien bankura eskaera egiten du, deskarga lanak burutu eta familia bakoitzarentzako loteak prestatzen ditu. Banaketa entitate sozial desberdinetan parte hartzen duten boluntarioen laguntzarekin egiten dute ondoren.

Elikagaien banaketa egiteko 65 urtetik gorako pertsonak izan ohi dira laguntzen dutenak, baina pandemiaren egoera dela eta, ez da komeni hauek bertan egotea, arrisku-taldearen barruan baitaude. Beraz, Arrasateko Udalak bolondres moduan zerbitzu honetan parte hartzera Zaintza Sareari eskaera egin die eta hauek baiezkoa eman dute. Arrasateko udalak esker ona adierazi nahi die bolondres taldeari lerro hauen bidez.

Arrasateko Udalak La Merced ikastetxean Elikagai bankuaren banaketa egiteko alokatua duen lokalean burutuko da zerbitzu hau larunbatean. Onuradunek sms bidez jasoko dute ordua eta eguna, zalantzarik izan ez dezaten.

Segurtasun eta osasun neurriak oso garrantzitsuak dira, beraz, dena prest egongo da arriskurik ez izateko. Beharrezko materiala eskuragarri edukiko dute bolondres guztiek.