Ekainaren 15ean, udako denboraldiarekin batera, irekiko dituzte kanpoko igerileku eta ur parkeak
2024/06/06Udako denboraldiarekin batera irekiko ditu Arrasateko Udalak Musakolako kiroldegiko kanpoko igerilekuak eta ur parkeak, ekainaren 15ean hasi eta irailaren 15era arte.
Igerilekuko abonuak dagoeneko salgai
Musakolako kanpoko igerilekuetako udako denboraldia datorren larunbatean, ekainaren 15ean, hasiko da eta irailaren 15era arte luzatuko da. Ekainean, uztailean eta irailean, Musakolako igerilekuak 10:00etatik 20:30era egongo dira zabalik. Honako tarifa berezi hauek izango dira igerilekuak soilik uda garaian erabiltzeko:
- UDAKO ABONUA
- Banakakoa: Adintxikikoak 43,37€
- Banakakoa: helduak 72,90€
- Banakakoa 65 urtetik gora 54,68€ (10:00etatik 16:00ak arte erabiltzeko)
- Familiarra (seme-alabak 22 urte arte, barne) 116,48€
- EGUNEKO SARRERA
- Adintxikikoak 3,65 €
- Helduak 6,45 €
- 10 SARRERAKO BONUAK
- Adintxikikoak 29,65 €
- Helduak 59,10 €
- (Bonua erosten denetik, urte beteko epean erabili ahalko da.)
Musakolako igerilekuen instalazioa 1.500 pertsonak erabili ahal izango dute aldi berean, denbora-mugarik gabe. Gainera, hamaka-zerbitzu bat eskainiko da (egun osoa 2€, egun erdia 1€) eta itzalkinak edo sonbrillak jartzeko oinarriak ere (doan). Aurten ere, txiringito zerbitzua eskainiko da, bertan freskagarriak, izozkiak eta jatekoak ere eskainiko direlarik.
Abonuak denboraldia hasi aurretik ateratzea komeni
Udalak herritarrak animatu nahi ditu udako denboraldiko abonua ateratzea azken unerako ez uztera. Azpimarratu da, udako denboraldia hasi aurretik komeni dela abonuak eginda edukitzea itxarote denborak murrizteko, sarbidean arazorik ez izateko eta jende pilaketak ekiditeko.
Ur parkeen muntaketa hasita dagoeneko
Ekainaren 15ean irekiko dituzte baita ere Santa Barbarako eta Villa Amparoko ur parkeak. Astelehenetik igandera egongo dira erabilgarri, goizeko 10:00etatik 20:00ak arte.
Maiatza erdialdean hasi zituzten ur parkeen muntaketa lanak, eta ur parkeak ireki ahal izateko, Arrasateko Udalak hainbat lan egin ditu: ur jolasak jarri, deposituak eta filtroak hustu, ur zirkuitua garbitu eta desinfektatu, instalazioa berriro urez bete, filtrazioa eta arazketa martxan jarri, laborategi ziurtatu baten bidez uraren laginak hartu eta beharrezko analitikak egin. Hilean behin uren analisiak egiten dira eta uda sasoian Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoak hainbat ikuskapen egiten ditu.