Egubakoitzean jarriko da martxan Udala auzora igotzeko autobus zerbitzu berria

2024/07/02
Card image cap
Mondraberriren argazkia
Proiektu pilotua izango da, eta hurrengo 5 asteburuetan egongo da indarrean, uztailaren 5etik abuztuaren 4ra.

Egubakoitz honetan, uztailak 5, hasiko da Udala auzora igotzeko autobus zerbitzu publiko berria. Proiektu pilotua izango da, eta hurrengo 5 asteburuetan egongo da indarrean, uztailaren 5etik abuztuaren 4ra. “Hasiera batetan, zerbitzua, uztaileko asteburuetan ezartzea zen aurreikuspena, baina abuztuko lehen asteburuan Udalako jaiak izanik, astebetez luzatzea egoki ikusi dugu” adierazi du Kepa Urteagak, Auzoak eta Obra, Zerbitzu eta Mantentze zinegotziak.

Aparkaleku arazoari konponbidea emateko

Autobus zerbitzu publikoa jartzeko arrazoia udan izaten den auto-masifikazioaren ondorio da. Egun eguzkitsuekin pertsona asko igotzen dira Udalara, mendira, jatetxeetara edota igerilekura. Horrek kotxe masifikazioa ekarri izan ohi du, trafiko arazoak sortuz eta bizilagunei egunerokoan eragozpenak sortuz. “Arrasate-Udalatx lasterketan, autobus zerbitzuaren lehen froga egin genuen, eta erantzun ona izan zuen. Oraingo honek ondo funtzionatuz gero, datozen urteetan uda osoan zehar jartzeko aukera aztertuko dugu”.

Autobus zerbitzua jartzearekin batera, kotxeen aparkalekuak ere berregokitu dituzte, hauek mugatzen dituzten seinaleak margotuz eta autobus geltokiaren gunea seinaleztatuz. “Goiko aparkalekuak txukunketa bat behar zuen, eta hauek autobus zerbitzu berriari egokitu ditugu”.

Prezioa, ordutegiak eta geltokiak

Bidai bakoitzaren prezioa 0,5 eurokoa izango da, eta eskudirutan ordaindu beharko da. Autobus zerbitzu berezia denez, ezingo da Lurraldekobus edota Mugi txartelekin ordaindu, beraz, nahitaezkoa izango da eskudirutan ordaintzea.

Hiru geltoki izango ditu autobus lineak: erdigunean San Frantzisko 2. linean (zebrabidea igarota), Erguinen 2. linean eta azkena Udala auzoan (Uxarte aurrean dagoen aparkalekuan).

Autobus zerbitzuak 10:00etan egingo du lehen bidaia Arrasatetik Udala Auzora, eta 21:30ean egingo du azkena, Udalatik Arrasatera. Ordueroko maiztasunarekin arituko dira autobusak, eguerdian izan ezik. Eguerdiko bazkal orduetan zerbitzua indartuko da, eta ordu erdiro izango da igotzeko zein jaisteko aukera. Hemen ordutegiak:

Arrasate-Udala (igo): 10:00 11:00 12:00 13:00 14:00 14:30 15:00 15:30 16:00 16:30 17:00 18:00 19:00 20:00 21:00

Udala-Arrasate (jaitsi): 10:30 11:30 12:30 13:30 14:15 14:45 15:15 15:45 16:15 16:45 17:30 18:3019:30 20:30 21:30