Arrasateko XX. Udaberriko Musikaldia egubakoitz honetan, maiatzak 10, hasiko da

2024/05/07
Card image cap
Kontzertuak izango dira San Frantzisko elizan eta Juan Arzamendi Musika Etxearen auditoriumean, eta sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.

Maiatzaren 10etik 26ra Arrasatek XX. Udaberriko Musikaldia ospatuko du. Urteak igaro ahala, musikazaleentzat erreferentziazko hitzordu bihurtu da. Hasieran musika klasikoa nagusi bazen ere, urteen poderioz egokitu egin da mota eta estilo askotako ekitaldiekin, eta gaur egun Arrasateko musikarien erakusleiho ere bihurtu da, bai bakarlarientzat, bai musika taldeentzat.

Arrasatearrek zein bisitariek 7 kontzertu izango dituzte aukeran maiatzaren 26ra arte. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira San Frantzisko elizan eta Juan Arzamendi Musika Etxearen auditoriumean. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.

Arrasateko XX. Udaberriko Musikaldiko egitaraua

  • Maiatzaren 10ean | 19:30 | Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean: SUGAAR ENSEMBLE

Sugaar Ensemble taldeak errepertorioa modu entretenigarri eta atsegin batean ezagutarazten du, elkarrekin musika egiteko grinak bultzatuta. Bost musikariak taldearen izenarekin identifikatuta sentitzen dira, izan ere, euskal mitologian Sugaarek sugarra, garra, sua esan nahi du, eta zaintzen ez bada itzali egiten da. Esanahi horretan isladatuta ikusten da musika ikasketaren prozesua, eta bost soinu bateratzearen zailtasuna.

  • Maiatzaren 12an | 19:30 | San Frantzisko elizan: ALL’ANTÍCA

Diziplina anitzeko proposamen eszenikoa da, eta uztartzen ditu barroko ingeleseko, frantseseko eta italiarreko antzinako musika estiloak; hala, iragana eta oraina elkartzea du helburu.

Kontzertu honen bidez, XVII. mende amaieran errotutako ohitura ezagutaraziko da: gazte europarrek baliabide ugari zuten, adin nagusitasuna lortzean (21 urte inguru), Europatik bidaiatzen zuten Italia helmuga nagusitzat hartuta. Antzinako instrumentuen erreplikak erabiliko dira, interpretazio zaindua eta historizista eskaintzeko asmoz. Interpretatzaileak bost jotzaile eta soprano bat izango dira.

  • Maiatzaren 17an | 19:30 | San Frantzisko elizan: KEA ABESBATZA

16 abeslari profesionalez osatua, Euskal Herrian bere generoan dagoen ahots talde bakarra da, eta Estatuko abesbatzen panoraman musika garaikidean espezializatutako talde garrantzitsuenetako bat. KEA Ahots Taldea 1997an sortu zen, XX. eta XXI. mendeetako gutxien erabiltzen den musika korala interpretatzeko tresna ezin hobea sortzeko, euskal egileekiko sentsibilitate berezia duena.

  • Maiatzaren 18an | 19:30 | San Frantzisko elizan: ARRASATE MUSIKALEKO ORKESTRA ETA GOIKOBALU ABESBATZA

Arrasate Musikaleko Orkestra Sinfonikoa 1975ean sortu zuen Juan Arzamendi Enparantzak, “Arrasate Musikal” orduko akademiako zuzendari eta fundatzaileak. Arrasate Musikaleko oraingo Orkestra Sinfonikoa osatzen dute eskolako ikasleek, irakasleek eta ikasle ohiek. Zuzendaria da Iker Olazabal.

Goikobalu Abesbatza-Coro de Mondragón da betidanik Arrasaten musika koralarekiko (Parrokiko Abesbatza, Zartzuelen emanaldiak, Danok Abesbatza) egon den ilusio eta zaletasunaren fruitua. 1996an Iñaki Maidaganek bere gain hartu zuen Abesbatzaren zuzendaritza.

  • Maiatzaren 22an | 19:30 | Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean: AITOR GARITANO

Aitor Garitano Aguirreolea tenorra Bergaran jaio zen (2000); lehen musika ikasketak Bergarako Musika Eskolan egin zituen. Batxilergo musikala egin ondoren, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan jarraitu zituen kantu ikasketak Mercedes Astuy eta Haizea Muñoz irakasleekin. Gaur egun, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian (Musikene) kantu ikasketak egiten ari da Maite Arruabarrena mezzosopranoarekin, eta Itziar Barredo eta Maciej Pikulski errepertoristekin.

  • Maiatzaren 25ean | 19:30 | Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean: IÑAR SASTRE

Denetariko doinuak abiapuntu hartuta eta sorkuntza propioa ezinbesteko tresna izanda, Iñar Sastrek, bakarkako lan honetan, ibilbide musikal oparo bat proposatzen digu pianotik. Erritmoen etengabeko jolasak, melodia ezagunen fantasiazko garapenek, testura musikal kontrastatuek eta metrika bihurriren batek pianista daramate doinu soiletatik eratorritako konposizio eta inprobisazio pertsonal eta original batzuk osatzera.

  • Maiatzaren 26an | 19:30 | Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean: EÑAUT ZUBIZARRETA

DOODEM: Ojiwbe jatorrizko hizkuntzan, naturaz gaindiko objektua edo animalia, kultura batzuen mitologietan tribuaren edo pertsonaren ikurtzat hartzen dena.

DOODEM da bidaia bat, Paul Gilroy soziologoak aipatzen duen Atlantiko Beltzean zehar: 7 kanta, 7 herri. Lan honek, beraz, azpimarra egiten du herriko musiketan, ‘herrikoitasunean’ erori gabe baina, beti begirada berritzaile batekin. Tokian tokiko berezitasun musikalak ideia estetiko gisa hartu dira, nahastu eta kanta ezberdinetan aplikatu dira.

 

Deskargatu hemen egitarau osoa.