Egitarau oparoa Arrasaten, ardatz hartuta ‘Martxoaren 8a’ Emakumeen Nazioarteko Eguna, jendarte parekidea sustatzen jarraitzeko.

2022/03/03
Card image cap
• Arrasateko Emakume Txokoak eta herriko eragileek ezagutzera eman dituzte lankidetzan antolatutako hainbat ekintza.

Martxoaren 8a da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Arrasateko Emakume Txokoak egitarau oparoa antolatu du herriko eragileekin lankidetzan.

Emakume Txokotik nabarmendu dute: “Martxoaren 8a egun seinalatua da feminismoaren aldarriak kaleratzeko. Izan ere, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko parekidetasuna lortuko bada, feminismoari eta antolakuntzari esker izango da”.

Bide horretan, aurtengo edizio honetan ikusgarritasuna eman gura izan diote bell hooks aktibista feministari, hark kaleraturiko “Feminismoa denon kontua da” liburuari: “Aktibistak zioen bezala, “Ausardia izan behar dugu iraganetik ikasteko eta printzipio feministak gure bizitzako eremu publiko eta pribatu guztietan nagusi izango diren etorkizunaren alde lan egiteko”.  Jendartea bere osotasunean interpelatzen du bell hooks-ek. Izan ere, arraza, klasea eta sexuaren aurrean norberaren posizioa aztertu eta gero, mundu guztia gonbidatzen du feminismoarekin bat egitera. “Guk ere horixe gura dugu egin Martxoaren 8ko egitarauarekin”.

Feminismoa ardatz eta oinarri hartuta, jendarte parekidea lortzeko bidean, programazio hau antolatu da datozen egunetarako:

  • Martxoaren 5ean: Emakume Migratuentzako Topagunea. ‘Emakumeak borrokan’ tailerra. 16:00-19:00 artean. Aurrez izena eman behar da Emakume Txokoan.
  • Martxoaren 7tik 18ra arte: ‘Martxoaren 8’ko kartelen erakusketa Emakume Txokoan.
  • Martxoaren 8an: Arrasateko Mugimendu Feministak deituta, 19:30ean manifestazioa Biteri plazatik irtenda, “Zapaltzen gaituen sistemari sua! Antolakuntza feminista gure garra”.
  • Martxoaren 11n: ‘Umore feminista oholtzara’ bakarrizketa saioa. Bea Egizabal Ollokiegi, Kaitin Allende Zaldunbide eta Belen Nevado Mendez.
  • Martxoaren 19an: ‘Sexualite eta gorputz esperientzia propio baterantz” tailerra: 10:00-14:00, 15:30-19:30.
  • Martxoaren 26an: Emakume artisauen eta bertako produktuen ekoizleen azoka, Seber Altube plazan, 10:00-14:00.
  • Apirilaren 1ean: erakusketa-tailerra, ‘Tazolteotl plazeraren eta pasioaren jainkosa’, 18:00-20:00 artean, kokalekua zehazteke. Aurrez izena eman behar da Emakume Txokoan.