Eduki pornografikoa duten nerabeen whatsapp taldeak Arrasatera heldu dira, eta hainbat eragilek dei egin dute halakoen aurrean prebentzio neurriak hartzeko
2023/12/20Azaro amaieran eman ziren ezagutzera Donostiako eduki pornografikodun whatsapp taldeak, eta horietako bat abendu hasieran ezagutu da Arrasaten. Ikastetxe bateko hezitzaile batek atzeman zuen eta, protokoloari jarraikiz, ikastetxea harremanetan jarri zen Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin.
Modu horretan hasi zen lehen hartu-emana Arrasateko Udalaren, herriko gainontzeko ikastetxeen, hezkuntza eragileen, eta guraso taldeen edo sareen artean. Maider Morras alkatearen esanetan, “eragile guztiok neurri prebentiboak eta hezitzaileak ezartzeko asmoa agertu genuen, eta horren ondorioa da gaurko agerraldia, garrantzitsua baita denok norabide berean lan egitea”.
Abiapuntu bezala jarri dute agerraldi informatibo hori, arazoaren berri eman, eta, Gabonak gertu daudela, “hainbat aholku herritarrekin partekatzeko”. Izan ere, “Adin txikikoei mugikorra bezalako tresna baten erabilera ahalbidetzea hautu pribatu, pertsonal eta librea bada ere, esan beharrik ez dago hautu horrek, ezinbestean, gaur egun, inplizituki dakarrela erabilera arduratsu baten heziketa prozesu bat, bai gurasoen aldetik, bai komunitate beretik” adierazi du Jasone Giraldo Ongizate eta Hezkuntza zinegotziak.
Prebentzio neurriak “zaintza komunitarioaren” barruan kokatu ditu alkateak, “Betebehar horiek guztion inplikazioa eta konpromisoa eskatzen dituztelako”. Gaineratu du Gabonetan mugikorren erabilera “kontrolik gabe” hazten dela, eta erabilera egokia egiteko asmoz, honako prebentzio neurri hauek proposatu dituzte:
- Egun hauek baliatu seme-alabekin komunikazioa hobetu eta horretan sakontzeko. Gurasoen bitartekaritza ezinbestekoa da, konfiantzazko harremanak eta sareak sortuz lortuko dugu gazteengana gerturatzea eta espazio seguruak sortzea.
- Zure seme-alaba horrelako txat talde baten parte bada, irten taldetik ahal bezain agudoen, baina ez ezabatu mezuak. Mugikorrarekin zuzendu Udaltzaingora eta jarri salaketa bat. Hor dagoen edukia lagungarria izan daiteke ikerketarako. Ez zabaldu hor dagoen edukia.
- Aholkatzen dugu mugikorrik ez oparitzea. Edozein kasutan, oparitzekotan, aholkatzen dugu nerabeekin erabilera egoki baterako neurriak adostea, betiere gurasoen gainbegiradarekin, eta gutxienez 16 urte izan arte.
- Garrantzitsua da mugikorraren erabilerari lotutako ohitura onuragarriak sortzea, horregatik, adinaren araberako erabilera graduala ezarri behar zaie. Horretarako, oso baliagarria izan daiteke erabilera kontratua egitea gaztetxoekin, eta erabilera orduak eta espazioak ondo zehaztea.
- Mugikorraren erabilera kontrolerako prebentzio neurri batzuk honako hauek izan daitezke:
- "Family link" aplikazio modukoak ezartzea, modu horretan, aplikazio bat instalatu aurretik gurasoei baimena eskatuko zaie.
- WhatsApp-eko prebentzio neurrien artean, ezezagunak taldeetan sartu ahal izatea desaktibatzea.
Gaur gaurkoz, indarra Gabonen testuinguruan jarri badute ere, “lanketaren helburua da epe ertain luzerako egitea, eta urtarriletik aurrera beharrezkoak diren neurriak eta baliabideak prebentzio lanetara bideratzea nahi dugu; besteak beste, arreta jarri beharko dugu heziketa digitalean eta sexu hezkuntzan”.
“Altxa burua” ekimena
Arrasateko Udalak, "Altxa burua" ekimenarekin elkarlanean, kontzientziazio kanpaina bat abiarazi du haurrei eta nerabeei mugikorrak oparitzearen inguruan. “Paraleloan, gertaera hura herrian agertu baino lehen, pentsatuta genuen kontzientziazio kanpaina bat egitea mugikorrak oparitzearen inguruan. Azken urteotan egindako ikerketek eta esperientziek erakutsi dute oso gazte diren haurrei oparitutako mugikorrek eragin kaltegarriak izan dituztela haien garapenean”. Modu berean, kanpainak konplize egiten ditu gurasoak, eta mugikorraren kontsumo eredua erreferente dela gazteentzat. Horrela, eskuorriak eta kartelak banatu dira herriko ikastetxeetan, haurrentzat zein gurasoentzat.