Dolu perinatalaren inguruko tabuaren apurketa: kontzientziazioa eta elkartasuna indartzen
2024/10/09Arrasateko Berdintasun Sailak, Esku Hutsik elkartearekin batera, dolu perinatala ikusgai egiteko eta gizartearen babesa indartzeko asmoz “Dolu Perinatala Ikusgai” ekimena antolatu du. Urriaren 17an izango da Arrasateko Musika Eskolako auditorioan.
Dolua perinatalak uste dena baino jende gehiagori eragiten dio
“Uste ez dugun arren, gaur egun 4 haurdunalditik 1 ez da heltzen amaierara”. Hala jakinarazi dute Emakume Txokoak eta Esku Hutsik elkarteak.
Urtero, urriaren 15ean, heriotza perinatalaren nazioarteko eguna ospatzen da, haurdunaldian, erditzean edo bizitzako lehen urtean haurtxoa galtzeak emakumeentzat, haien bikotekideentzat, familientzat eta ingurukoentzat esan nahi duenaz kontzientziatzeko helburuarekin.
“Beharrezkoa da gizartea sentsibilizatzea galera mota guztiek behar duten ulermen eta babes handiagoaren inguruan. Kontutan hartu gabe, alde batetik, galera horiek noiz gertatzen diren (haurdunaldiaren lehen asteak, hirugarren hiruhilekoa edo erditu ondoren) eta bestetik, galera horien arrazoiak zeintzuk izan diren (mediku-arrazoiengatik haurdunaldia etetea, umetoki barneko heriotza espontaneoa, erditzean izandako konplikazioak, eta abar)” adierazi dute.
Esku Hutsik elkarteak hainbat ekimen burutuko ditu Euskal Herriko herri ezberdinetan dolu perinatalaren gaia gizarteratzeko, familiei elkartasuna erakusteko. Arrasaten elkarretaratze bat burutuko dute urriaren 15ean Seber Altuben Plazan elkarteak berak deituta. Ekimena 20:00etan hasiko da.
Urriak 17 Dolu Perinatala ikusgai ekimena JAME Auditorioan
Urte askotan “tabua” izan den gai hau azaleratzeko eta sentsibilizazio ariketa bat egiteko nahian Emakume Txokoa eta Esku Hutsik elkartea, elkarlanean aritu dira emanaldi berezi bat antolatzeko.
“Zalantzarik gabe, artearen bidez hain ikusezina eta mingarria den gai honi buruzko sentsibilizazioa bilatzen da ekimen horretan” adierazi dute.
Ekitaldi hau, Arrasateko Musika Eskolako JAMEko Auditorioan ospatuko da urriaren 17an arratsaldeko 19:00etan. Eider Otxoak, doluan espezializatua den terapeutak, gidatuko du ekimena eta artista ezberdinek parte hartuko dute: Kat Lumen abeslaria, Diana Wondy dantzaria, Miren Amuriza bertsolaria izango dira bertan, Alaine Agirreren hitzekin lagunduta.
Emakume Txokoak eta Esku hutsik elkarteak herritarrak gonbidatu ditu antolatu diren ekimenetan parte hartzera.