Diru bilketa palestinarrentzat anestesia-makina bat erosteko

2014/09/15
Card image cap
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak abiatutako diru-bilketa kanpainarekin bat egin du Arrasateko Udalak, 2.000 €ko dirulaguntza emanez

Azkenen hilabeteotan Israelek Gazan egin dituen eraso bortitzak ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak abian jarri dute palestinarren aldeko kanpaina. Helburu nagusia da palestinarrentzako anestesia-makina bat, 30.000 €ko kostua duena, erosi eta Gazara bidaltzea.

Lortutako diruarekin Palestinako Aginte Nazionaleko gobernuaren esku utziko da anestesia-makina, hango osasun egoera laguntzeko helburuarekin. Lehenik bidalketa Zirjordaniara egingo da eta, ondoren, Palestinako Osasun Ministerioa eta Gurutze Gorria arduratuko dira anestesia-makina Gazara eramateaz.

Horretarako diru-bilketa egiteko kontu korronte bat zabaldu dute Kutxabanken: 2095 0611 01 9114122391.

Kanpaina honen helburu zehatza da Gazan une honetan hain beharrezkoa duten giza laguntza ematea. Helburu praktikoa da, zuzenean hainbat bizitza salbatzeko balioko duena.

Udaletik arrasatearrak animatu gura ditugu kanpaina honetan euren ekarpentxoa egin dezaten, eta palestinar herriarekin solidario izan daitezen.