Aldundiak Debagoieneko herritarrak gonbidatu ditu parte hartu dezaten etorkizunari buruzko hausnarketan
2021/06/22Etorkizuna Eraikiz Kapsulak Arrasaten hasi zuen atzo datozen asteetan Gipuzkoako eskualdeetan egingo duen bira. Ekimen honen bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen Etorkizuna Eraikiz programak herritarrak bultzatu gura ditu lurraldearen etorkizunari buruz hausnartu eta konprometitzera. Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuak gogoratu duenez, Etorkizuna Eraikiz lanean ari da Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko, eta ariketa horretan funtsezko elementua da elkarlaneko gobernantzaren alde egitea. “Zertan ari garen bezain garrantzitsua da zelan ari garen, guztion artean adostutako erantzunak izan behar dute gure geroa diseinatuko dutenak eta, beraz, prozesu horretan asko dute esateko herritarrek. Kapsularen helburua da, hain zuzen ere, parte hartze hori sustatzea”, adierazi du.
Mendoza Arrasaten bertan izan da gaur goizean, Maria Ubarretxena herriko alkatearekin batera. Aste honetan, eguaztenean kapsula Irunen egongo da, eta eguenean Beasainen. Foru arduradunak azaldu duenez, partaidetza ezinbesteko tresna da herritarrek politikarekiko eta erakundeekiko konfiantza berreskuratzeko. “Partaidetzari esker, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da… Asko dira dituen abantailak. Eta, horregatik, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren muinean dagoen elementua da”, nabarmendu du Gobernantzako diputatuak.
Kapsula Arrasateko Zebero Altube plazan instalatu zen, eta egun osoan egon zen. “Etorkizunaz pentsaraztera eramango gaituen benetako kapsula da, denboraren kapsula balitz bezala”, esan du Mendozak, herritar guztiei zuzenduta dagoen ekimena dela azpimarratuz. Kanpotik ikusita, tunel moduko bat da, eta bisitaria kapsulara sartzean Gipuzkoak gaur egun dituen ezaugarriak ikusten ditu parez pare. Bisitariari galdetzan zaio horietatik Gipuzkoak 2040an zein balio mantendu beharko lituzkeen. “Honek erakutsiko digu gaur egungo gipuzkoarrek garrantzia zeri ematen dioten, gaur egungo gipuzkoarren kezkak eta nahiak zeintzuk diren, alegia”, esan du Mendozak.
Behin lehen urratsa emanda, kapsulak kontatzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak etorkizunari zelan erantzuten dion. Hau da, modu laburrean, aurkezten zaio Etorkizuna Eraikiz zer den eta zertan ari den, esaterako, erreferentziazko zentroen bitartez erakusten du etorkizuneko gaiei eta herritarren kezkei zelan erantzuten ari zaien. Ibilbidea bukatzeko, bisitariari eskatzen zaio etorkizuna eraikitzeko euren konpromisoa idazteko, eta, gero, aukera du inprimatu eta bakoitzak bere etxera eroateko, kapsula txiki batean gordeta. Horrekin batera, kapsularen kanpoaldean photocall bat dago, herritarrei gonbita egiten zaie euren konpromisoarekin argazki bat ateratzeko, eta parte hartzaileak helbide elektronikoa emanez gero, argazkiak bidaltzen zaizkio Gif formatuan.
“Ekimen oso interaktiboa da, jolas moduan planteatu gura izan duguna, baina ahaztu barik sakoneko helburua zein den: mundua abiadura bizian aldatzen ari da, etengabeko transformazio prozesu baten erdian gaude, eta Gipuzkoak epe ertain eta luzera dituen erronkak sekulakoak dira. Desafio horiei guztiei aurre egiteko, ezinbestekoa da erakundeak, elkarteak, enpresak, ezagutza zentroak… inplikatzea, baina gizartearen beraren inplikazioa lortzea ere funtsezkoa da. Kapsularen bitartez, norabide horretan eragin gura dugu, kontzientzia sortu gura dugu gure etorkizuna lantzearen eta eraikitzearen alde lan egiteak duen garrantziaren inguruan”, borobildu du Mendozak.
Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak nabarmendu du “oraina zein etorkizuna herritarrekin lantzea da udalean zein foru erakundean oinarrian dagoen lan egiteko era. Etorkizuneko Arrasate eta Gipuzkoa era partekatuan eraikitzeko urratsak eman eta baliabideak jartzen ditugu, horren erakusle dira herri eremuan azken bi urteetan garatutako dozena erdi parte-hartze prozesu. Arrasatearrok gure identitatean daroagu eredu kolaboratiboa, eraikitzailea eta elkarlanean oinarritutako lan egiteko era. Gure herria zein Gipuzkoa eredu hori oinarri eraikitzeak ekarriko du gizarte hobe eta kohesionatu bat sustatzea” azpimarratu du.