Debagoieneko bigarren postre lehiaketan parte hartzeko azaroaren 15 arte eman daiteke izena
2016/11/07Debagoieneko XXIV garren Jardunaldi Gastronomikoen baitan kokatzen da, eta sasoiko hainbat porduktuekin lotuta dator bigarren postre lehiaketa hau: urrak, gaztainak, sagarrak, intxaurrak eta eztia, hain zuzen.
Iaz egin zen estreinekoz lehiaketa hau, eta oso harrera ona izan zuen: 15 partaide bildu zituen, maila oso polittarekin guztiak. Hasitako bideari jarraitu nahi zaio aurten ere, baina iazko esperientziak erakutsitakoak kontuan hartuta, aldaketa batzuk sartu dira, lehiaketa herrikoiagoa izan aldera:
- Gozogilezale amateurrei zuzenduta dago aurtengoa; gozogile profesionalek ezin dute parte hartu.
- Kategoria berezi bat ireki da, 12 eta 17 urte bitartekoentzat, gaztetxoak parte hartzera animatzeko. Hau Arrasateko Gaztetxokoen bitartez kudeatuko da.
Lehiaketaren oinarriak hemen kontsulta daitezke.
Gazteen kategorian izena emateko, Arrasateko Gaztetxokoetan jo behar da; izena emateko azken eguna azaroaren 13a, igandea, izango da.
Helduen kategorian izena emateko azkenengo eguna azaroaren 15a, asteartea, izango da. Izena emateko, helbide honetara jo behar da: turismo@debagoiena.eus.
Galderak eta Informazio gehiago eskuratzeko, 943796463 telefonoan.
Gozogilezalea bazara, animatu parte hartzera!!!