Albisteak jasotzeko WhatsApp eta Telegram kanal berriak ireki ditu Arrasateko Udalak, “herritarrengandik gertuago egoteko”
2025/03/06
Arrasateko Udalak WhatsApp eta Telegram kanal berriak ireki ditu. Kanal berri hauen bitartez Udalaren albiste eta jakinarazpen guztiak jasotzeko aukera izango dute arrasatearrek, “herritarrek Udalaren berri errazago izateko” adierazi dute Udal ordezkariek.
Kanal hauen bitartez Udalak zabaltzen dituen albiste, jakinarazpen eta abisuak jasotzeko aukera izango da. Kanalen zuzeneko sarbidea:
- WhatsApp kanala: https://whatsapp.com/channel/0029VadBMCiKQuJQ9FFzPb31
- Telegram kanala: https://t.me/ArrasatekoUdala
Albisteak jasotzen hasteko bi urrats jarraitu behar dira:
- Kanala jarraitu
- Azken berriak jasotzeko, jakinarazpenak aktibatzea gomendatzen da. Klikatu goian eskuinean dagoen kanpaia.
Kexa eta iradokizunak kudeatu eta erantzuteko apustua egin du gobernuak
Sistema berria jarri du Udalak martxan Telegram eta WhatsApp bitartez, 688 732 463 zenbakian, jasotako kexa eta iradokizunak kudeatzeko. “Udalean jasotzen genituen kexa eta iradokizunak ez ziren behar bezala kudeatzen, eta horietako asko erantzun gabe geratzen ziren. Horretaz jabetuta, 2024ko uztailean langile berri bat jarri genuen herritarren eskaera guztiak kudeatu eta erantzuten, eta emaitza berehalakoa izan da, eta eraginkortasunez kudeatzen ari dira eskaera guztiak” adierazi dute Udaletik.
Udalak aurkeztutako datu eta grafikoetan (hemen ikusgai) argi ikus daiteke emaitza. 2024ko uztailera arte, egindako kexa eta iradokizunen erdiak erantzunik gabe geratzen ziren. 2024ko abuztutik aurrera, eskaeren gehiengoak erantzuna jaso zuten, horietako asko epe barruan erantzundakoak. Hemen datu batzuk:
- 2023 urtean, 1909 kexa eta iradokizunetatik; 822 erantzun ziren epe barruan, 237 erantzun ziren epez kanpo eta 850 geratu ziren erantzun gabe.
- 2024 urtean, 2070 kexa eta iradokizunetatik; 1294 erantzun ziren epe barruan, 289 erantzun ziren epez kanpo eta 487 geratu ziren erantzun gabe (409 urtarrila eta uztaila bitartekoak dira, sistema berria martxan jarri aurretik).
Gobernuak berretsi du neurri horiek norabide onean doazen arren, hobetzeko tartea dagoela, eta arreta-sistema eraginkorrago baten alde lan egiten jarraituko duela.