Ikasleekin Arrasateko ondare naturala ezagutzen eta bere balioa nabarmentzen

2020/12/11
Card image cap
Udazkenean ibilaldi batzuk egin ditugu gure inguruko ondare naturalak herritarroi zer zerbitzu eskaintzen digun jakiteko.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleekin eta baita DBH 1. mailakoekin ere, Meatzerrekako eta Musakolako inguru naturala ezagutu dugu. 4. mailakoekin, berriz, herrian bertan dauden berdeguneetan ibili gara, Monterronen, Santa Barbaran, Arruenan eta Aldain.

Naturaz inguratuta egoteak hainbat onura eskaintzen dizkigu herritarroi. Gure inguruko natura ekosistemek askotariko zerbitzuak eskaintzen dizkigute, osasuntsu badaude betiere. Hainbat espezieren bizitokia izateaz gain herritarron osasunari, oparotasunari eta ongizateri eragiten diete, besteak beste, airea garbitu, aisialdiaz gozatzeko espazioak eskaini eta izurriteei aurre egiteko kontrol biologikoa ziurtatu.

Tenperatura eta zarata leuntzeaz gain, eremu paregabeak dira ingurumen hezkuntzarako, eta ezinbestekoak elikagaiak, sendagai naturalak zein ur baliabideak eskuratzeko. Ehunka arrazoi eman ditzakegu daukagun natura ingurunea zaindu, babestu eta osasuntsu mantendu behar dugula esateko.

Horretan aritu gara Arrasateko ikasleekin udazkeneko egun eder hauetan; herriko natura ingurunearen zati bat ezagutzen, bere balioa nabarmentzen eta bertako ekosistemak hobetzeko zer egin dezakegun pentsatzen. Ikaragarri gozatu dugu Meatzerrekako eta Musakolako altxor naturaletan barrena, espazio horiek arakatzen eta aztertzen. ikusi dezakezue zer lan egin dugun.

Bestalde, txikiagoekin, herrian bertan daukagun natura aztertu dugu eta diagnostiko txiki bat egin dugu Monterron, Santa Barbara, Arruena eta Aldai parkeen egoera zein den baloratzeko. "Nolakoak dira gure herriko espazio irekiak?" dokumentuan laburtu dugu.