Arrasateko Baserriko Produktuen Azoka: ekainaren 16a
2012/06/13HILEKO HIRUGARREN ZAPATUKO BASERRITARREN AZOKA BEREZIAK:
2012KO ekaineko AZOKA
2012an zehar Arrasateko Udalak baserritarren azokak antolatzen dihardu, hileko hirugarrengo zapatuetan, goiz partean, Seber Altube Plazan. Ekainekoa zapatu honetan izango da, ekainak 16, ohiko leku eta orduan (9:00etatik 14:00ak bitartean, gutxi gora behera)
Baserritarren azoka honetara postu asko etorriko dira, batzuk ohikoak, beste batzuk berriak: Arrasate eta inguruko baserrietako denboraldiko produktuak, baseriko ogia, gazta eta abar, produktu ekologiko bariatuak (haragia, barazkiak, ahuntz, behi eta ardi gazta, ogia, ardoa, etab.), Iparraldeko ahate deribatuak (foie, magret…), mermeladak, arrautzak, berduren kontserbak, gozogintza artisanala, bidezko merkataritzako produktuak… guztira 15 postu. Horien artean, ohikoak ahaztu barik, etorri berriak aipatu: Jakion, Harreman, Goiuri Gozogintza (Izarra), Arimasagastiberri (Idiazabal), Biourkizu (Zestoa) eta Arnabar (Behenafarroa).
Bestalde, ekaineko honetan bateratu dugu Baserritarren Azoka eta BAGARA Herrigintza Elkarteak antolatutako Kulturarteko Sukaldaritza erakustaldi-dastaketarekin. Azken hau BAGARAk antolatu du, Arrasateko Udal Azoka biziberritzeko prozesuaren baitan, Arrasaten bizi diren jatorri desberdinetako etorkinen partaidetza sustatzeko, euren ekarpenak plazaratzeko eta bertako produktuen azoka berezia ezagutzera hurbildu daitezela gonbidatzeko. Zehazki, Pakistan, Venezuela-Colombia, Brasil eta Saharako janariak dastatu ahalko dira bertan.
Eta azoka amaieran, beti legez, baserriko produktu sortaren zozketa egingo da bertatik pasatako erosleen artean. Ea zuri egokitzen zaizun oraingoan!
Azoka eta gehiago, beraz, zapatuan goiz partean Seber Altube Plazan. Hurbildu eta gozatu, eta bide batez, gure baserritarren produktuek eta ekoizpen sistemek aurrera egin dezaten lagundu.
ARRASATEKO UDALA
ENPLEGUA ETA GARAPEN EKONOMIKO SAILA
2012ko ekainaren 13a