Bueltan da bigarren eskuko bizikleta azoka Mugikortasun Jasangarriaren Astean

2024/09/11
Card image cap
Mugikortasun Jasangarriaren Astea irailaren 16tik 22ra egingo da. Birzikleta Azoka berreskuratuko da, 5 urteren ostean.

Arrasateko Mugikortasun Jasangarriaren Astea datorren astean izango da, eta egitarau zabala aurkeztu du udalak. Europa mailako ekimena bada ere, Arrasaten ere izango du bere isla. “Mugikortasun jasangarrirako plana berrikusten gabiltzan honetan, Mugikortasun asteari bultzada berri bat eman, eta indar berriz osatzea nahi izan dugu. Horregatik, egitarauan, hainbat berrikuntza sartzeaz gain, lehenagoko ekimenak berreskuratu ditugu” adierazi du Garazi Etxeberriak, Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak. Horien artean dago bost urtean egin barik egon den bigarren eskuko bizikleten azoka.

Mugikortasun Astea bezalako ekimenez gain, mugikortasun jasangarrirako planaren garrantzia azpimarratu du Etxeberriak; haren ustetan, halako planek “hazkunde ekonomikoa, kohesio soziala eta ingurumenaren defentsa bateragarri egiten dituzten garraiobideak ezartzea dutelako helburu, horrela, herritarren bizi kalitate hobea bermatuz”. Deskargatu hemen esku orria.

Birzikleta Azoka berreskuratzeko apustua

Etxeberriak adierazitakoekin bat, bigarren eskuko bizikleta azoka berreskuratzea “lehentasun bat” izan da udal gobernuarentzat. Hori horrela, aurten, irailaren 21ean, zapatua, egingo da Birzikleta Azoka. Udaleko Ingurumen Saileko teknikari Rafa Ugartek eman ditu xehetasunak: “Bizikleta bat erosi gura duenak, egunean bertan Azoka plazara etorri, gustukoena aukeratu eta eskudirutan ordaintzea besterik ez du egin behar. Baina bizikleta bat saldu gura duenak materiala dagokion egunean eta lekuan aurkeztu beharko du” azaldu du. Saltzaileek, beraz, beren bizikletak Azoka plazan entregatu beharko dituzte zapatu honetan, irailaren 14an, 11:00-13:00 tartean, edo hilaren 17an edo 19an, martitzena edo eguena, 11:00-13:00 eta 17:00-19:00 ordutegian.

Adierazi du egoera onean dagoen edozein material jasoko dutela. “Edozelako bizikletak, mendikoak, paseokoak, errepidekoak, haurren bizikletak, trizikloak, kaskoak, belozimetroak, gurpilak, eskularruak, maillotak... Eskatzen da materiala garbi eta egoera onean ekartzea, eta zentzuzko prezioa ezartzea”. Halaber, jakinarazi dute ez dela jasoko patinik eta patineterik.

Bizikletaren presentzia nabarmena

Egitarauak, baina, beste hainbat hitzordu izango ditu aste barruan, horietako asko bizikletari lotuak. Nerea Lazpiur programazioaren arduradunak eman du egitarauaren berri. “Bizikletak presentzia nabarmena izango du egitarauan, baina baita oinezkoen edo natura ibilbideen hitzorduek ere. Berritasunen artean daude, esate baterako, DBH 1. mailako ikasleentzat antolatutako bizikleta ikastaroa, edo Hartzaren Urratsa ibilbide gidatua”. Egitarau osoa jarraian:

Irailaren 16tik 22ra

Herri busa doakoa aste osoan

Irailaren 16tik 20ra

Eskolara Oinez: Arrasate Herri Eskolara goizero oinez joateko ekimena, 2. eta 3. zikloko ikasleei zuzenduta eta Udalako Ingurumen Eskolako irakasleek gidatuta.

Irailaren 17an, martitzena

Helduek bizikletan modu seguruan ibiltzen ikasteko ikastaroa: 17:00etan Jose Maria Arizmendiarrieta plazan. Izen emateak: izenemateak.arrasate.eus-en.

Irailaren 19an, eguena

Bizikletak konpontzeko tailer ibiltaria: MUGI txartel pertsonalizatua eta bizikleta eramaten dituzten guztiek bizikleta berrikusteko eta doitzeko doako zerbitzua baliatu ahal izango dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. Biteri plazan 16:00-20:00. Zozketak egongo dira MUGIrekin.

Irailaren 21ean, zapatua

BIRZIKLETA AZOKA: Bigarren eskuko bizikleta azoka udal azokan.
Mondragones kalean, 11:00 - 14:00.

Irailaren 22an, domeka

HARTZAREN URRATSA ibilbide gidatua: GR 289aren hirugarren etapa egingo da, Arrasaten hasi eta Gatzagan bukatuko dena. Bidea pasatuko da Bedoña auzotik, Urkulu urtegitik, Mendiola eta Bolibar auzoetatik eta Atxorrotz tontorretik. Aukera egongo da ibilbidea laburtzeko, hau da, Eskoriatzan amaitzeko (12,5 km). Ez ahaztu MUGI txartela bueltarako. Izen emateak: izenemateak.arrasate.eus edo 943 25 20 00.

Irail eta azaro bitartean

DBH 1. mailako ikasleentzat bizikleta modu autonomo eta seguruan ibiltzeko ikastaroa.

Mugikortasun plan berriaren aurkezpen ekitaldia eta parte hartzea, auzoz auzo

Udalak otsailean ekin zien Mugikortasun Jasangarriaren plana berridazteko lanei. “Hainbat azterketa eta diagnosi egin ostean, partaidetza prozesua ireki zen udal langile, teknikari, eragile eta herritarren artean, ideia eta proposamenak jasotzeko. Ekarpen guztiekin, plan berria idatzi eta, orain, herritarrekin partekatu nahi dugu, plan honen ideia nagusiak ezagutarazi eta azalpen guztiak emateko. Azalpenak eginda, herritarrek aukera izango dute horien gainean proposamenak egin, eta erabakitzeko gaiak aztertu eta ekarpenak egiteko” adierazi du Etxeberriak zinegotziak. Horretarako, aurkezpenak egingo dituzte zinegotzi eta udal teknikariek auzoz auzo, urrian. Hona hemen datak:

  • Erdigunea - urriaren 7an - 18:00etan - Jokin Zaitegi gelan
  • Uribarri-Erguin - urriaren 8an - 18:00etan - Jubilatuen etxean
  • Baserri auzoak- urriaren 10ean - 18:00etan - Udaletxeko Pleno Aretoan
  • Santa Marina - urriaren 15ean - 18:00etan - Auzo alkatetzan
  • San Andres - urriaren 17an - 18:00etan - Etxaluzen
  • Musakola - urriaren 21ean - 18:00etan - Jubilatuen etxean