Biztanle berrientzako Baliabide gida

2019/05/07
Card image cap
Arrasateko Udalak Arrasatera bizitzera datozen biztanle berrientzako Baliabide Gida argitaratu du

BAZ-en erroldatzen den pertsona berri bakoitzari banatzen ari zaio gida bat, ulertzen duen hizkuntzan. Lau hizkuntzatan daude, bakoitza euskaraz eta bigarren hizkuntza batean:

 

Baliabide gida erabiltzailearen ikuspuntutik eginda dago. Arrasatera bizitzera datozen bizilagun berriek hasiera-hasieratik herriko baliabide esanguratsuenen informazioa izatea nahi izan da, modu autonomoan mugitu daitezen. Hizkuntza desberdinetan argitaratu da biztanle berri guzti-guztiek informazioa ezagutu eta ulertu dezaten.

Gaien arabera dago antolatuta gida eta zerbitzu bakoitzaren helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa edota ordutegia adierazten da. Bestalde, gida hasieran Arrasateko plano bat azaltzen da non baliabide guztiak kokatuta azaltzen diren.

Hauek dira gidan jasotzen diren gaiak: errolda eta biztanleentzako arreta, harrera zerbitzua, osasuna, hezkuntza, hizkuntzak, enplegua, etxebizitza, gizarte zerbitzuak, aholkularitza juridikoa, kultura, aisialdia eta kirola, hondakinak eta emakumea eta berdintasuna.

Arrasatear guztientzat izan daiteke interesgarria gida, zerbitzu batzuk ezagutzen ez dituztenentzako edo zerbitzu konkretu bat non dagoen ez dakienarentzako. Hiri ireki eta anitza helburu, bizikidetzaren alde egin nahi du udalak, herritarrekiko harremanak eta komunikazioa erraztuz.