Bikain ziurtagiria eskuratu du Arrasateko Udalak

2011/12/01
Card image cap
Hizkuntza kudeaketaren bikaintasuna ebaluatzen duen Bikain ziurtagiriaren goi mailako agiria eskuratu du Arrasateko Udalak.

Euskalit Kalitaterako Euskal Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ematen dute Bikain ziurtagiria enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duena.

Arrasateko Udalak urte asko daramatza bere eskumeneko lan esparruetan euskararen erabilera sustatzen, herritar euskaldunak euskaraz artatu eta eta euskaraz lan egiteko. Izan ere, 1994an Euskararen Erabilera Plana onartu zuenetik, era askotako ekimenenak burutu ditu bere jardueran euskararen erabilera normalizatzeko.

Oraingo hau ez da lehenengo aldia kanpoko auditoria batek Arrasateko Udalaren hizkuntza politika ebaluatzen duela. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak birritan aztertu du –2006an eta 2010ean, hain zuzen ere– Euskal Herriko udalen hizkuntza politika, Arrasateko Udalarena barne. Azterketa horietako emaitzak, Arrasateko Udalaren hizkuntza politika berresteaz gainera, oso erabilgarri gertatu zaizkio, bere jardueran hobekuntzak ezartzeko. Oraingo honetan, ordea, Arrasateko Udalak berak erabaki zuen Bikain ziurtagiriaren auditoria egitea, beti ere bere kudeaketa eredua kanpoko ebaluazio baten kontrastera jarri eta hobekuntzak egiten jarraitzeko. Bi ikuspegi izan ditu, Bikain ziurtagiriaren ebaluazio prozesua bideratzeko garaian:

·     Euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko ikasbide kualifikatu bat izatea, kanpoko adituen eskutik.

·     Eusko Jaurlaritzaren aitortza ofiziala izatea, EAEko herri erakundeen eta eragile sozio-ekonomiko nagusien bermea.

Bikain ziurtapenaren goi mailako agiria eskuratzea mugarri garrantzitsua da Arrasateko Udalarentzat, euskara gure erakundeko zerbitzu eta lan hizkuntza benetakoa izateko bidean.

Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizarrek jaso zuen ziurtagiria, 2011ko azaroaren 30ean, Guggenheim Bilbao Museoan egindako ekitaldi batean.