Bertso-Pilota izango da estreinakoz Arrasaten datorren urriaren 26an
2024/10/16Uarkape frontoiaren 25. urteurrena ospatzeko egitarauaren barruan dator urriko egitasmo hau, Bertso-Pilota. Estreinakoz egongo da Arrasaten bertsolaritza eta pilota elkartzen duen ekimen kultural hau. Hau aurkezteko Ane Zuazubiskar bertsolaria, Manex Balerdi pilotaria eta Mikel San Miguel kiroletako zinegotzia.
Euskal kulturaren ondare diren pilota eta bertsoa uztartuz
Mikel San Miguel kirol zinegotziak eman ditu ekimenaren inguruko xehetasunak. “Bertso-pilota, euskal kulturaren ondare diren pilota eta bertsolaritza uztartzen ditu. Bi bertsolarik, bikote bakoitzaren botilero lanak egingo dituzte. Partidan zehar hainbat atsedenaldi egingo dituzte pilotariek, eta, botileroek, bertsoz aholkuak emango dizkiete. Askotan, umoretik izaten dira eta ikusleak asko gozatzen du. Bertsolariek, saioaren hasieran eta amaieran agur bana botako dute”.
San Miguelek herritar guztiak animatu ditu Uarkapera etortzera doakoa izango den ekimen honetara, urriaren 26an, zapatua, 18:00etan.
Amets Arzallus eta Ane Zuazubiskar bertsolaritzan
Ane Zuazubiskar bertsolari arrasatearra arituko da bertsotan, Amets Arzallusekin batera. Zuazubiskarren arabera “polita izango da entzule zein ikusle moduan egondako frontoian kantatzea; pilota-partidak ikustera etorri naizenean edo txapelketako saioetan beti pentsatu dut plaza ona izan behar dela Uarkape. Bertso-pilota saioetan lehen aldia da niretzat, eta egia esan, Uarkapen izateak ilusioa sortzen dit. Ea asmatzen dudan egunean bertan, ze pilota-zalea banaiz, baina hori bertsotan esatea ez dakit erraz-erraza izango den”.
Bi pilotari debagoiendar, Goñi eta Erasunekin batera
Bikoteka arituko dira pilotariak norgehiagoka, Etxaniz-Erasun bikotea Mikel Goñi-Balerdi bikotearen aurka.
- Mikel Goñi (1977): Aspeko pilotari profesional ohia eta ibilbide luzekoa. Azkenaldian partida asko eta maila onean jokatzen dabil. Telebistako hainbat realitytan ere atera izan da.
- Jon Erasun (1996). Baikoko pilotari profesional ohia. Egun afizionatutan jokatzen jarraitzen du. Promozio mailako txapela badu eta afizionatutan ia dena irabazitakoa. Pilotari oso segurua eta maila handikoa.
- Ander Etxaniz (2001): Bergararra da Etxaniz. Aurrelari moduan jokatzen du. Pilotari azkarra, maila handikoa, afizionatu mailan txapelak irabazten ari da. Aspeko Jokin Etxanizen semea da, eta Ander Muruaren taldekide ohia.
- Manex Balerdi (1999). Antzuola. Ander Muruaren bikote izan da azken urteetan txapelketa askotan. Atzelaria. Txapel asko irabazia Anderrekin, atzelari indartsua.