Bertako produktuen azoka bikoitza egingo da uztailaren 20an, ohikoa eta martxoan bertan behera geratu zen emakume ekoizleena eta artisauena

2024/07/11
Card image cap
Datorren uztailaren 20an egingo da bertako produktuen azoka, ohi den bezala, hilaren hirugarren zapatuan, Seber Altube plazan.

Bertako produktuen ekoizleez gain, hilabete honetan Aftersun lozioa egiteko tailerra eskainiko da. Tailer horretan, osagai naturalez egindako eguzki osteko lozio errezeta egiten ikasiko dugu: birsortzailea, hanturaren aurkakoa, hidratatzailea, antioxidatzailea, lasaigarria era freskagarria.

Plaza mugatuak daude, eta izena eman behar da aurretik izenemateak.arrasate.eus webgunean, BAZen edo 943 25 20 00 telefonoan.

Emakume ekoizleen eta artisauen azokarekin batera

Martxoan bertan behera geratu zen emakume ekoizleen eta artisauen azoka ere uztailaren 20an egingo da. Artisauen postuetan aurkitu ahalko da teknika eta material ezberdinekin prestatutako bitxigintza: larrua, zilarra, buztin polimerikoa, haziak… Gainera, animalientzako osagarriak, kosmetika naturala, makramezko piezak eta osagarriak, joskintza (poltsak eta osagarriak), bordatuak eta kakorratz lanak ere izango dira.

“Dena eskuz eta mimo handiz prestatua; herriko eta inguruko herrietako emakume artisauak egindakoak. Bertatik bertara, emakumeen lana plazara!” adierazi dute Emakume Txokotik.

Arrasate Blues asteburuarekin batera

Azokak bat egingo du Arrasate Blues jaialdiarekin batera, beraz, udal ordezkariek espero dute kale giro paregabea egotea. “Herritar guztiak animatu nahi ditugu bertako produktuen azoka berezi honetara etorri daitezen, eta Arrasate Blues jaialdiaz gozatu dezaten” adierazi dute udal ordezkariek.

aftersun tailerra azoka