Berdintasun sailak film emanaldia eta solasaldia antolatu du

2011/04/05
Card image cap
NAGORE izenburua duen filma apirilaren 6an proiektatuko da Kulturaten

Datorren asteazkenean, apirilaren 6an, Kulturaten NAGORE filma proiektatuko da, berdintasun sailak antolatuta. Emanaldiaren ondoren pelikula komentatzeko aukera izango da, Maitena Monroy-k (autodefentsa feministan aditua eta Bizkaiko Emakume Asanbladaren kideak) dinamizatuko duen solasaldian.

Emakumeon aurkako indarkeriaren gaiaren inguruko eztabaida eta hausnarketa bultzatu nahi ditugu emanaldi eta forum honekin eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.

 

Eguna: apirilaren 6an

Ordua: 19:00

Lekua: Kulturateko areto nagusian


Sinopsia

NAGORE filmak Nagore Laffage erizaintza ikaslearen heriotza bortitza du ardatz, Nafarroako Unibertsitate Klinikako psikiatra batek 2008ko San Ferminetan erail zuen neskarena. Dokumentalean parte-hartze garrantzitsua du Nagoreren amak, Asun Casasolak, benetan emakume adoretsua izaki, berak eramaten baitu istorioaren hari nagusia.

Luzemetraia honek biktimaren familiakoen zein lagunen testigantzak jasotzen ditu, baita prozesu judizialean inplikatutako hainbat kideren ikuspegiak ere: fiskala, alde bietako abokatuak eta genero indarkeriaren kontrako kolektiboetako ordezkariak, besteak beste. Filmak artxibo-material interesgarria ere biltzen du, krimenaren berreraiketaren irudiak, eta baita epaiketako atal ezberdinak ere, Espainia osoko hedabide ugarik zuzenean jarraitu zuten epaiketa.