Berdintasun sailak lanean dihardu emakumeen izenak Arrasateko kale izendegian jartzeko
2022/04/04Arrasateko Udaleko Berdintasun zinegotzi Johanna Sánchezek jakinarazi du bere departamentua lanean ari dela Arrasateko kale izendegia feminizatzeko. Horretarako, Arantza Otaduy historialari arrasatearra gonbidatu zuen Berdintasun batzordera, joan den martitzenean, martxoak 29; hark, Arrasateko kaleen nomenklatura aztertu du, eta, dioenez “tamalez” Arrasateko kale izendegiak ahaztu egiten ditu bertako emakumeak.
Era berean, argitu du bere helburua ez dela kaleen izenak diskriminazio barik aldatzen hastea. Xedea da auzotar kopuru txikienari eragiten dioten kaleen izenak edo oraindik nomenklaturarik ez duten kokaleku berriak aldatzea. "Sen ona” giltzarritzat jotzen du, eta azaldu du “ahalik eta arrasatear gutxien izatea beren bizileku datuak aldatu behar dituztenak”.
Otaduyren arabera, bertako kaleetatik laurogeita hamarretik gora toponimoei egiten diete aipamena. Badira birjinen eta santuen izenak ere, hamar plazari eta kaleri izena ematen dietenak. Hiru erregek Arrasateko kaleak izendatzen dituzte; aipatzen dira ere ia dozena erdi efemeride, itsasontziren bat eta gremioren bat. Guztira, hogeita zazpi gizon daude etorbide, kale, pasealeku edo plaza izenekin, eta Arrasateko garapenean lagundu zuen emakume bakar bat aipatzen da. Teresa Garcia da, Biteri Eskolako irakasle izandakoa. Hasiera batean, kalearen izena Arano kalea zen, konnotazio matxista argia zuen senarra aipatzen baitzuen, Felix Arano irakaslea. Zoritxarrez, Teresa Garcia ikusezintasunera baztertuta geratu zen, senarraren itzalean deuseztatuta eta erabat ezkutatuta. Aitzitik, "Intxorta 1937" elkarteari esker, duela hamar urte "Arano-Garcia maisu-maistrak" izena aldatzea lortu zen, eta “zorionez”, Teresa Garcia-ri zor zaiona aitortu zitzaion.
"Harrotasunez esan daiteke Arrasateko historian hainbat eta hainbat emakume garrantzitsu daudela, hemen jaiotakoak izan edo ez: filantropoak, enpresaburuak, fundatzaileak, hiri sustatzaileak, kirolariak, artistak eta, 2007tik alkateak", azaldu du Otaduy historialariak. Oraingoz, sail honek bere egin gura ditu Otaduy historialariak planteatutako proposamenak: alde batetik, Otalora Lizentziadunaren eta Azoka kaleen arteko bidegurutzean eraiki zen San Frantziskoko komentu ikastetxearen iparraldeko aldeari Maria Asencio Garibay Lorategia deitzea, Arrasateko lehen ikastetxe horren sortzailea izan zen eta. Bestetik, Biteri Eskoletan dagoen plaza Celina Wood & Bland plaza izatera pasatzea, Pedro de Viteri senarraren izenaren ordez, bere izenak jada beste espazio publiko bat izendatzen baitu.
Azkenik, Johanna Sanchezek esan du garrantzitsua dela emakumeen izenek presentzia handiagoa izatea gure kale izendegian, “gure udalerria justuagoa izan dadin. Emakumeek urteak daramatzate gizarteko esparru guztietan baztertuta. Horregatik, ziurtatu du Berdintasun saila proiektu honetan ilusioz konprometituta dagoela, Arrasateko kale izendegia erabat gizonezkoena izateari utzi diezaioten. Horrela, emakumeei ikusgarritasuna ematen diegu, eta saiatzen gara udalerri honek emakumeekin duen konpondu gabeko gai bati heltzen. Azken batean, Arrasateren feminizazioa sustatzen dugu”.