Belaunaldien arteko Santa Ageda bezpera ospatuko dute hirugarren urtez abesbatzako kideek
2025/01/29Aurten ere Santa Ageda abesbatza kantu eskean aterako da otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan. Hirugarren urtez, ahalegin berezia egin dute adin eta genero guztietako arrasatearrak batzeko, eta pozik agertu dira emaitzarekin.
“Entseguak urtearekin batera hasi genituen, eta gazte eta helduak batera aritu gara, aurreko urteetan moduan. Aurten, lan-eguna izanda, dozena bat gazte inguru aterako dira beteranoekin batera, baina aurten badira lehenengoz aterako diren heldu asko ere, gehienak emakumeak, eta pozgarria da hori guretzat. Azken urteetan bide bat zabaldu dela iruditzen zaigu” adierazi dute Santa Ageda abesbatzako kideek. Ordezkari bezala izan dira Juan Bautista Agirre, Susana Roa, Luis Okina eta Agustin Aranburu.
Asteartea eta lan eguna izatearen zailtasuna
Aurtengo Santa Ageda bezpera eguna, otsailak 4, asteartean izango da, eta, ondorioz, arrasatear asko lanean edo ikasten egongo direla nabarmendu dute. “Asteguna izanda, lanean edo ikasten ari den jendearentzat zaila izango da egun osoz kalera irtetea. Aterako direnek eta lanean ari direnek jai hartu dute ohiturarekin jarraitzeko, baina badira asko jai-eguna hartu ezin dutenak. Dena den, asteartea izan arren, herritarrak gonbidatu nahi ditugu momenturen batean abesbatzekin bat egitera” adierazi dute.
Udaletxean harrera, berritasun batekin
Udal Gobernuaren izenean izan dira prentsaurrekoan Maider Morras alkatea, Andoni Arratibel, Kultura zinegotzia, eta Gladys Fernandez, Belaunaldiarteko zinegotzia. “Azken urteetan itzelezko lana egiten ari da Santa Agedako abesbatza transmisio kulturala bermatzeko, eta gure aldetik gure eskertza beroena ematea besterik ez dugu. Udala bidelagun izango dute” adierazi du Maider Morras alkateak. Arratibelek eta Fernandezek, bere aldetik, balorean jarri dute azken urte luzeetan ohitura bizirik mantendu duten arrasatearrak.
Udaletxera 14:00etan helduko da abesbatza, eta bertan, betiko abestiez gain berritasun bat ere aurkeztuko dute, Aldapeko kantu herrikoiaren moldaketa ahots mistoetan.
Bildutako dirua Arrasateko Caritasentzat
Urtero moduan, kantu eskean arituko dira egun osoan zehar abesbatzako kideak. Urtero bezala, bildutako diru guztia Arrasateko Caritasei emango zaio. Pasa den urtean 4 mila eurotik gora batu zituzten.
Ibilbideari dagokionez, eguneko lehen hitzordua Parrokia atarian izango da, 8:00etan, meza amaitzean. “Denok parrokia atarian bilduko gara, eta bi taldetan banatuta, ibilbide bana antolatu ditugu”:
Taldeetako bat:
- Goizean: Joxe Ramon Otamendi, Mendizabal okindegia, Aranguren, Kataide industriagunea, Kataide baserria, Garratz, Bedialauneta, Zabaleta, Ikastetxeak Musakolan (Herri eskola, Santa Teresa), Altuna, Gureak, Euskal Herria plaza, Otalora, Txoko eta Udaletxea (14:00etan).
- Arratsaldez, 16:00etan hasita: Plazan Gazteluondoko ikasleekin, Olarte, Abaroako egoitza, San Andres kaletik, Arimazuri plaza, Paseo Arrasate, Portaloia (19:00etan), Kaleko tabernak eta Herriko Plazan amaiera (21:00etan).
Beste taldea:
- Goizez: Banco guipuzcoano, Rural Kutxa, Santander, BBVA, Kutxa, Caixa, Laboral kutxa, Erguin, herri eskola, Bedoñabe, Umezaintza, Bedoña, Udala (asteburuan), Udaletxea (14:00etan).
- Arratsaldez, 16:00etan hasita: Arimazubi, Olandixo (Mondragon, LKS, Ikerlan…), Arteaga, Santa Ageda, Ospitalea, Nafarroa etorbidea 1, Iturriotz kaleko tabernak eta Herriko Plazan amaiera (21:00etan).