Baserritarren azokako uztaileko otarra
2014/07/30
Uztailaren 19ko zapatuan, baserritarren azoka berezia egin zen Seber Altube Plazan, hileko hirugarren zapatu guztietan lez. 12 saltoki egon ziren bertan, artean ohiko baserriko produktuak, berduren kontserbak, pastelak, ogia, gazta,… Azokaren alboan, goizean zehar elikadura eta osasunari buruzko tailerra egin zen, bertan Amaia Diaz de Monasterioguren nutrizionistak gidatuta; tailerraz gain, elikadurari buruzko kontsultak egitera hurbildu zen jendea, Amaiak horretarako aukera emanda. Aurrerantzean ere halako saio gehiago egitea aurreikusten dugu, izan ere gero eta kontzientzia handiagoa dago elikadura eta osasunaren arteko loturaren inguruan.
Azoka amaieran, baserriko produktu sortaren zozketa egin zen, beti lez, goizean zehar bertaratutako bezeroen artean. Boleto saritua ITZIAR BOLINAGArena izan zen eta produktu sorta, Meatzerreka auzoko ASKASIBAR baserriak prestatu du oraingoan. Ostiral goizean, uztailak 30, Udaleko BAZeko erakusleihoan egon da produktuen otarra, ikusgai, Itziarrek eguerdi aldera jaso artean.
On egin, eta esker ona baserriko produktuak aukeratzeagatik!