Arrasateko Udalak, barraken ordez, puzgarriak eta jolasak jarriko ditu San Juanetan

2024/05/24
Card image cap
Aurten Arrasateko Udalak esfortzu gehigarria egin du haur programazioa indartzeko. San Juan jaiak iraun bitartean, egunero izango da haurrentzako entretenimendu egitarauren bat. Egitarau osoa, baita haurrena ere, ekaineko lehen astean iragarriko da.

Atzo iragarri bezala, San Juanetan Arrasatera etorri ohi diren barrakek erabaki dute aurten ez etortzea. Ezohiko egoeraren aurrean, eta atzo aurreratu bezala, Arrasateko Udalak haurren entretenimendurako alternatibak jarriko ditu.

“Barrakek uzten duten hutsuneak ezin du haurren kalterako izan; horregatik, duela aste batzuk erabaki genuen jaiak iraun bitartean haurren jolaserako alternatibak jartzea. Alternatiba horien artean daude askotariko puzgarriak eta jolasak” adierazi dute udal ordezkariek. Egitarauaren berri ekaineko lehen astean emango badute ere, aurreratu dute ohiko puzgarriez gain, eguraldi ona eginez gero, ur puzgarriak ere jarriko dituztela.

Alternatiba gisa jarriko diren jolas parke horiek ez dute kostu gehigarririk izango herritarrentzat, erabat doakoak izango dira eta.

Aspalditik datorren arazoa

Sanjuanetan barrakak ez egotearen arazoa ez da berria, azken urteetan barraken kopurua gutxitzen joan da. Udal gobernuak uste du arazoa ez dagoela baldintzetan: “barrakak jartzeko baldintzak berdinak dira Gabonetan, San Andresko jaietan, Musakolako jaietan eta baita San Juan jaietan ere. Kontua da, lehen hiruetan jende mugimendu handia dagoen bitartean, San Juanetan jende gutxi egoten dela. Arrazoiak askotarikoak izan daitezke, jaiek eskaintzen duten egitarau zabala, kanpora bidaiatzea, edo eguraldi ona aprobetxatuta herritik kanpo egotea. Horrek, azken finean, zuzenean eragiten du barraken errentagarritasunean”. Gobernuak adierazi duenez, barrakek ordaintzen duten tasa “prezio sinbolikoa” da, metro karratuko 5 eta 10 euro artekoa baita.

Egoera honen aurrean, “aspaldiko arazo bati konponbidea ematen saiatu gara azken asteetan, eta lan horretan jarraituko dugu datorren urtera begira. Azken asteetan birritan egon gara barraken jabeekin, eta, aurreratu diegu behin San Juanak igarota eskatuko diegula bilera bat egiteko, haien beharrak identifikatu eta soluzioak bilatzeko”.

Halaber, Arrasateko Udalak iragarri du gaiarekin zerikusia duten bestelako eragile batzuekin ere bilera egingo duela, besteak beste, Gurasoen asanbladarekin eta Haurren Kontseiluarekin, “guztion neurrira egongo den soluzioa bilatzeko”.