Balorazio positiboa egin du Udalak Mugikortasun Planaren auzoz auzoko aurkezpenena

2024/10/23
Card image cap
Parte hartze eta interes handia nabarmendu dute udal ordezkariek. Planari ekarpen eta iradokizunak egiteko aukera izango da abenduaren 19ra arte.

Astelehenean Musakolan egindako azken aurkezpenarekin amaitu ditu Arrasateko Udalak Mugikortasun Jasangarrirako Planaren auzoz auzoko aurkezpenak. Balorazio positiboa egin dute Udal Gobernuko ordezkariek. “Herritarrek jasangarritasunaren aldeko jarrera eta interesa agertu dute oro har. Izan ere, Arrasaten etorkizun bat bermatu nahi badugu, horretarako baldintzak sortzen hasi behar dugu, bertako biztanleentzat bizi kalitate ona bermatu ahal izateko” adierazi dute.

Parte hartze eta interes handia

Mugikortasun Jasangarriaren gaiak interesa piztu du herritarrengan, eta horretan oinarritu dira Udal Gobernuko kideak balorazio positiboa egiterakoan: “parte hartze eta interes handia nabaritu dugu, eta herritarrek beraien zalantza, kezka eta ekarpenak egiteko aukera izan dute. Batzuetan gai ezberdinei lotutako debatea sortu da, guztiak errespetuz eta giro adeitsuan egindako ekarpenei lotuak betiere”.

Autobus geltoki berriaren kokapena interes nagusiena

Autobus geltoki berria non kokatuko den jakin-min handia piztu du herritarrengan. “Interes eta galdera gehien sortu dituen gaia izan da autobus geltoki berriarena. Bi kokapenen inguruko informazioa ezagutu, eta bakoitzaren alde positibo zein negatiboak ezagutzeko interesa agertu dute herritarrek. Iritziak ere danetarikoak izan dira, beraz, uste dugu, galdeketa egitea egokia dela arrasatearron borondatea ezagutzeko” adierazi dute gobernutik. Galdeketaren inguruko xehetasun guztiak datozen asteetan iragarriko dituzte, eta galdeketa azaro erdialdean egitea aurreikusten da.

Ekarpenak egiteko aukera orain

Ekarpen eta iradokizunak egiteko aukera egongo da orain, datorren abenduaren 19ra arte. “Auzoetako bileretan ekarpen batzuk jaso baditugu ere, herritar orok egin dezake bere ekarpena orain BAZen edo webguneko erregistro telematikoan”. Horretarako, eskabide orokorra bete beharko da, “Mugikortasun Jasangarrirako Planerako ekarpena” dela adieraziz. Behin proposamenak aztertuta, behin betiko plana 2025 hasieran onartzea aurreikusten da.

Uribarri-Erguin

2_Uribarri-Erguin.jpg

Baserri auzoak

3_Baserri auzoak.jpg

Santa Marina

4_Santa Marina.jpg

San Andres

5_San Andres.JPG

Musakola

6_Musakola.JPG