Avanza autobus enpresarekin iraungitzear den kontratua ez luzatzea eskatu dute Debagoieneko alkateek

2024/12/09
Card image cap
Zerbitzua hobetuko lukeen emakida berria idazteko “aukera galtzen ez uztea” eskatu diote Aldundiari. Eskualdeko alkateak elkarlanerako prestutasuna erakutsi dute, eta, dagoeneko Aldundiko Mugikortasun departamentuari helarazi dizkiote hobekuntzen zerrenda.

Debagoieneko alkateek agerraldia egin dute Gipuzkoako Fori Aldundiari eskatzeko Avanza enpresarekin kontratua “ez luzatzeko”, eta zerbitzuan “hobekuntzak jasoko dituen kontratu berri bat” onartzeko.

“Azken urteetan erabilerak gora egin duen bezala, zerbitzuaren kalitateak nabarmen egin du behera azken urtetan; autobusen egoera, matxurak, puntualitate eza, jendez lepo doan autobusa hartu ezinik geratzen diren erabiltzaileak.… Debagoienak duen garraio publiko bakarra autobus zerbitzua da eta iruditzen zaigu zerbitzu publiko honek ez dituela gure eskualdearen mugikortasun beharrak egoki erantzuten. Horregatik, kalitatezko garraio publikoa ezartzeko aukera aprobetxatzeko” eskatu diote Aldundiari adierazi dute.

Zerbitzua hobetzeko aukera “galtzen ez uzteko” eskaera Aldundiari

Avanza enpresarekin kontratua amaitzear den honetan, “ez litzateke ulertuko diputazioak egungo kontzesioaren iraupena luzatu nahi izatea”, horrek, “zerbitzua dagoenetan utziko luke” salatu dute. “Orain da momentua autobus zerbitzu publikoa hobetzeko, aukera hau aprobetxatuta, baldintza berriak ezarri eta kontratu berria egiteko. Gipuzkoako Foru Aldundiari autobus zerbitzua hobetzeko aukera hau ez galtzeko eskatzen diogu” adierazi dute.

Urgentziazko hobekuntzak

“Debagoieneko alkateok ardura handiz bizi dugu egoera hau eta ondorioz, gaurkoan, alkateon eta herritarren hitza kontuan hartu eta egin beharreko hobekuntzak barnebilduko dituen emakida berri bat lantzeko eskatzen diogu Aldundiari. Bide horretan, Aldundiko Mugikortasun departamenduari gure proposamenak helarazi diogu, zerbitzuak behar dituen aldaketak egiten hasteko”.

Proposamenak,honako 3 esku hartze “urgente” hauetan laburbiltzen dituzte:

  1. Maiztasuna 15 minutukoa dela bermatzea. Bailarako mugikortasunari dagokionez, herrien arteko loturaren maiztasuna 15 minutukoa dela bermatzea. Horretarako:
    • Herrien arteko linea azkarrak jartzea
    • Linea batzuen kapilaritatea zabaltzea
  2. Hiriburuekin dauden loturak hobetzea. Lineak hobetzea, maiztasuna handitzea, errefortzuak indartzea.
  3. Puntualtasuna bermatzeko neurriak hartzea. Hori hobetzeko hainbat proposamen:
    • Zerbitzua emateko autobus kopurua egokitzea bermatzea.
    • Autobusen baldintza tekniko egokiak bermatzea. Mantenua bermatzea.
    • San Prudentzio eta Epeleko errotondaren artean autobusentzako errei propioaren aukera aztertzea.

Agerraldian izan dira Maider Morras Arrasateko alkatea, Edorta Zubizarreta Eskoriatzako alkatea, Garikoitz Iturbe Aretxabaletako alkatea, Izaro Elorza Oñatiko alkatea, Gorka Artola Bergarako alkatea, Olatz Lezeta Antzuolako alkatea, Ibon Unzetabarrenetxea Elgetako alkatea eta Dorleta Elkorobarrutia Leintza Gatzagako alkatea, eta Mankomunitateko Lehendakariak.