Aste honetan auzoetako alkatetzak eratu dira
2023/10/27Aste honetan, Arrasateko Udalak auzoetako alkatetzak eratu ditu, mugarri garrantzitsua herrian herritarren parte hartzea indartzeko prozesuan. Alkatetza horiek eratu dira maiatzean egindako udal hauteskundeetako emaitzen arabera, eta konpromiso irmoa adierazten dute herritarren ahotsarekin eta partaidetzarekin tokiko erabakiak hartzerakoan.
Alderdi politiko bakoitzak auzoetako alkatetzetan bere ordezkaritza izendatu du, udalerriko aniztasuna islatuz. Ordezkariak izendatu eta gero, auzo bakoitzeko alkatea hautatu zen bozketa demokratikoaren bidez, eta auzo organo horien legitimitatea eta ordezkagarritasuna bermatu zen.
Eratutako auzoetako alkateak honako hauek dira:
- ERDIGUNEA: Eneko Fernández (EH Bildu)
- MUSAKOLA: Ione Arizabaleta (EH Bildu)
- SANTA MARINA: Victoriano Fuentes (PSE-EE)
- SAN ANDRES: Pepi Gorosabel (EAJ-PNV)
- URIBARRI: Ion Petreñas (EH Bildu)
Alkatetza horien helburua da gune eta tresna bat izatea herritarrei entzuteko eta herritarrek parte hartzeko. Maider Morras Arrasateko alkateak ekimenaren garrantzia azpimarratu du: "auzoetako alkatetzak bizilagunen parte hartzea areagotzeko tresna izatea nahi dugu. Herritarrak entzun eta udalarekin bitartekotza egitea nahi dugu. Auzo bakoitzari dagozkion aukerak eta arazoak identifikatzeko elkarrizketa tresna izatea nahi dugu. Hurbileko tresna izango da, iritziak eman eta udal jarduera ezagutu dezaten. Gainera, herritarren beharrak identifikatzen lagunduko du".
Auzoetako alkatetzek eraginkortasunez funtzionatu dezaten, Udalak Auzoetako zinegotzi Mikel San Miguel Merino izendatu zuen ekainean, eta parte hartzeko lehen proiektuei buruz jardun du: "Auzoetako alkatetzak eratu ostean, berezko zereginekin ekingo diogu jarduerari. Lehenengo ariketa izango da auzokideen iritzia bi udal ordenantza edo jarduketetan entzutea: lehenik, TAOren hobekuntzak; eta bigarrenik, tabernetako terrazei buruzko ordenantza sortzea. Gai bi horiek garrantzi handikoak dira gure udalerriarentzat, eta bizilagunen eta ostalaritzako profesionalen artean adostasuna bilatzen dugu bizikidetza hobetzeko".
Arrasateko Udalak konpromisoa hartu du auzoetako alkatetza horien bidez herritarren parte hartzea indartzen jarraitzeko, tokiko gobernuaren eta arrasatearren artean lankidetza estu eta eraikitzailea sustatzeko.
Auzo bakoitzeko alkatetza osatzen duten pertsonen zerrenda kontsultatu dezakezu hemen.