Autobus geltoki berriaren kokalekuaren galdeketa azaroaren 11tik 16ra izango da
2024/11/06Azaroaren 11tik 16ra egingo du Arrasateko Udalak autobus geltoki berriaren kokalekua zehazteko herri galdeketa. Prentsaurrean azaldu ditu galdeketaren nondik norakoak Udalak, behin atzo udalbatzak galdeketa onartu ostean.
Herritarrek erantzun beharko duten galdera honako hau izango da: “Zure iritziz, zein da autobus geltoki berriaren kokapenik egokiena?”, eta bi aukeren artean aukeratu beharko dute, Zalduspe (gaur egungo kokapena) edo Laubide.
Parte hartzea, galdeketaren bermea
Mugikortasun planaren baitan martxan jarri diren hainbat ekimen parte hartzaileren baitan kokatu du Maider Morras Azpiazu alkateak galdeketa. “Autobus geltoki berria duina, eguraldi txarretik babestua eta erosoa izango da, leku batean edo bestean, eta honen kokapena arrasatear guztion artean erabakiko dugu. Erabakia ezingo da loteslea izan, legeak baimentzen ez duelako, baina gutxieneko parte hartze berme batzuk betetzen badira, Udal Gobernuak herritarren erabakia errespetatzeko konpromisoa du”. Gutxieneko horiek bi dira:
- Gutxieneko partehartze portzentajea: %30
- Bi aukeren arteko gutxieneko aldea: %10
Gutxieneko hauek betetzen ez badira, Udalean ordezkaritza duten alderdi guztien artean hartuko dute erabakia.
Bozkalekua BAZ-en, azaroaren 11tik 16ra
Parte hartzeko leku, ordutegi eta betebeharrei dagokionez:
- Botoa emateko lekua: BAZ-en
- Egunak: 2024k azaroaren 11tik 16ra, biak barne
- Ordutegia: BAZ-eko ordutegia
- Astelehenetik egubakoitzera: 7:30 - 15:00
- Eguena: 7:30 - 18:30
- Zapatua: 9:00 - 13:00
- Zentsua: 2024ko azaroaren 5a edo lehenago Arrrasaten erroldatuta egon, eta 16 urte beteta izatea.
Informazio guneak herrian zehar
Arrasateko Udalak panel informatiboak jarriko ditu aste honetan herriko hainbat lekutan. Horietako bat bozketa gunea izango den BAZ-en izango da. Bertan jasoko ditu bi aukeren alde positibo eta negatiboak. “Informazio gune hauetan, modu laburtuan bada ere, bi aukeren inguruko alde positibo eta negatiboak egongo dira jasota. Dena den, informazio guztia, webgunerako sarbide zuzena izango duen QR baten bidez bideratukop da” adierazi du Garazi Etxeberria San Miguelek, Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotzia. Honako laburpen taula hau jasotzen da informazio paneletan:
ZALDUSPE |
LAUBIDE |
Alde positiboak |
Alde positiboak |
● Autobus geltoki berria eraikitzeko kostu txikiagoa (gainazalekoa). ● Disuasio aparkaleku publiko bat eraikitzeko aukera. ● Herribusarekin konektatuta. ● Ospitalearekin gertutasuna eta konexio zuzena. ● Distantzia luzeko autobusentzat sarbide erraza. ● Egunean erdigunera 200 autobus baino gehiago sartzea ekidingo litzateke. ● Inguruneari lotuta garapen urbanistikoa eta ekonomikorako pizgarri izateko aukera. |
● Tokiko ekonomia sustatzea eta erdigunea berroneratzea. ● Zerbitzu, entretenimendu eta kulturarako sarbidea erraztuko litzateke. ● Herritar gehiagorengandik gertuago egongo litzateke. ● Herribusarekin konektatuta.
|
Alde negatiboak |
Alde negatiboak |
● Herritar batzuentzat urrunago geratzea, eta, ondorioz, gutxiago erabiltzea. ● Bidaiariek ez lukete berehalako sarbiderik izango herriaren erdigunera. |
● Autobus geltoki berria eraikitzeko kostu handiagoa eta obra konplexuagoa (gainazalekoa). ● Zuhaitz eta berdeguneak kentzea ekarriko luke, eta plazaren erabilera baldintzatu (zezen plaza eta merkatua adibidez). ● Egunean herri barrura 200 autobus gehiago sartuko lirateke, guztira 500 baino gehiago. ● Zaratak eta kutsadura handituko litzateke auzotarrentzat. |