Aukeratu, zure bozkaren bidez, Arrasateko kirolari edo kirol talde onenaren saria 2023

2023/06/16
Card image cap
Aitortza honen bitartez, herriko kirolariei, kirol taldeei eta kirolaren alde egiten duten herritarrei, eskerrak eman gura zaizkie, ekainaren 21ean egingo den galaren bidez.

Ekainaren 21ean, ekitaldi batez, aurtengo kirolari edo kirol talde onenaren saria kirol ibilbidearen saria emango dira. Aitortza honen bitartez, herriko kirolariei, kirol taldeei eta kirolaren alde egiten duten herritarrei, eskerrak eman gura zaizki.

Ekitaldian, aitortza jasoko dute ARTko Pirolitikak amen taldeak eta Sasoibide ekimenak. Horrekin batera, kirol ibilbidearen saria Karmelo Bergaretxek jasoko du, Besaide Mendizale elkartean urte askoan ekarpena handia egiteagatik.

2023ko kirolari edo kirol talde onenaren saria herritarrek erabakiko dute beren botoen bidez.

2023ko hautagaiak dira:

  • Maialen Axpe. Arrasateko atleta pista estaliko Espainiako txapeldun izan zen otsailean, Gallurren. Maialen Axpe eta Malen Ruiz de Azua ziren faboritoak, eta bien artean lehia polita izan zuten. Bada, 4,40ko saltoa eginda jantzi zuen Bedoñakoak urrezko domina. Aire libreko denboraldian Axpek dagoeneko egin du 4,45eko marka, eta orain txapelketa nagusiak ditu.
  • Aitor Fernandez. Atezain arrasatearrak denboraldi oso ona egin du Osasuna futbol taldean izan duen lehen denboraldian. Sergio Herrerarekin batera bikain defendatu du talde gorritxoaren atea; Kopako finalerako sailkatu ziren eta ligan ere nabarmentzeko moduko urtea egin dute: zazpigarren postuan amaitu dute eta Europa Conference ligarako sailkatu dira.
  • Itxaso Plaza. Arrasateko txirrindulariak beste aurrerapauso bat eman du aurten. Igamo Packaging taldeko ziklista, gazte mailakoa izan arren, elitekoekin batera dabil lehian lasterketa askotan. Arabako Itzulia irabazi zuen maiatzean, eta baita Lea Artibai Challengeko bigarren etapa ere.
  • Ander Murua. Pilotari arrasatearra urte borobila egiten dabil. Amateur mailako hainbat torneotan lan ona egin du. Esaterako, Goñi memorialean finaleraino iritsi da, eta irabazi egin ditu, besteak beste, Antton Pebet Memoriala, Zaldibarko txapelketa eta Bergara Hiria torneoa.
  • Endika Donnay. Atleta arrasatearrak Donostia aukeratu zuen maratoiaren distantzian debuta egiteko, eta mimoz prestatu zuen azaroko hitzordua. Bada, Arrasatekoak debut ezin hobea egin zuen, 2.28.56ko markarekin Gipuzkoako txapeldun izan zen eta.
  • Iker Uribesalgo. Mondrateko harrobiko jokalaria, Iker Uribesalgok areto futbolean jauzia ematea erabaki zuen eta bigarren mailan jokatu du, Ibarrako Lauburu taldean. Denboraldi oso ona egin dute, play-off faserako sailkatuta.
  • Maialen Gallardo. Gimnasia erritmikoan Munduko Txapelketan lehiatzera iritsi zen, baina pandemia ostean kickboxingean hasi zen eta bi urte hauetan aurrerapauso galanta eman du. Hainbat borrokaldi egin ditu, eta ekainaren 17an borrokalari profesional bilakatuko da, Badalonan jokatuko duen Espainiako Txapelketan.
  • Saioa Karate Kluba. Saioako lagunek azpimarratzeko moduko denboraldia egiten dihardute. Nabarmentzekoa izan zen maiatzean Valentzian jokatutako kyokushin txapelketan egindako lana. Klubeko bederatzi karateka izan ziren han, eta Espainiako txapeldun izan ziren, nor bere kategorian, Xavier Varteniuc, Danel Izurrategi, Aratz Ezpeleta eta Aitor Madinabeitia.
  • Arrasate Box. Arrasate Boxeo Eskolak iaz zabaldu zituen ateak Arrasaten, eta txalotzekoa da Ixa Rodriguezen eta haren lantaldeak 80ko eta 90eko hamarkadan Arrasaten indarra izan zuen kirol jarduera sustatzeko egiten diharduen lana. Otsail amaieran boxeo jaialdi arrakastatsua egin zuten Uarkapen.

 

Zure bozka izenemateak.arrasate.eus web orrialdean eman daiteke ekainaren 20a bitarte.