Atzegik "Ni prest nago, eta Gipuzkoa?" kanpaina aurkeztu du Arrasaten, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat enplegu publikoa aldarrikatzeko

2023/10/17
Card image cap
Maider Morras Arrasateko alkateak eta Jasone Giraldo Ongizate zinegotziak harrera egin diete Atzegi elkarteko kideei udaletxean.

‘Ni prest nago, eta Gipuzkoa?’ lelopean, Atzegik, desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak, kanpaina bat aurkeztu du, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat enplegu publikoko plazak erreserbatzea aldarrikatzen duena. Kanpaina gaur aurkeztu da eskualdean, Arrasaten.

Legez, enplegu publikoko plazen % 2 gordeta egon beharko litzateke desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat. Errealitate hori ezezaguna da jende askorentzat.

Hala ere, eskubide hori errealitate bihurtu dadin, ezinbestekoa da gai zerrendak, prozesuak eta azterketak adimen desgaitasuna duten pertsonei egokitzea.

Azken urteotan, erakunde batzuk beren prozesuak egokitzen hasi dira; beraz, Atzegik bultzada hori baliatu gura du beste administrazio batzuek ere pauso bera ematera animatzeko.

Atzegi prest dago arlo horretan aurrerapausoa eman gura duen edozein administraziori laguntzeko eta aholkuak emateko.

Kanpaina amaitzeko, ekitaldi bat egingo da Donostiako Antzoki Zaharrean

Gipuzkoako eskualde guztietan aurkeztuko den kanpainarako aurreikusitako ekintzen artean, Atzegiko familiek 4.000 kartel jarriko dituzte Gipuzkoa osoan, Donostialdeko markesinetan ere ikusi ahal izango direnak. Batez ere sare sozialetarako pentsatutako ikus-entzunezko bi pieza ere prestatu dira.

Kanpainaren amaierako ekitaldia urriaren 23an izango da, 18:30ean, Donostiako Antzoki Zaharrean. Hanpaina aurkezteaz gain, atzera begiratuko dute azken urtean bizitako guztia errepasatzeko. Ekitaldira joateko interesa dutenek atzegizale@atzegi.eus helbidera idatzi edo 943 42 39 42 telefonora deitu dezakete gonbidapenak eskatzeko.