Astelehenean hasiko dituzte Altamira auzoko berrurbanizazio lanen lehen fasea, “auzo atsegin eta irisgarriago bat egiteko”

2024/11/28
Card image cap
Lanak 10 hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da. Auzoaren birgaitze proiektu integralak guztira 5 fase ditu, eta lehenari ekingo diote agintaldi honetan.

Altamira auzoko berrurbanizazio proiektuaren lehen faseko lanak hasiko dituzte datorren astelehenean, abenduak 2. Fase honetan Jose Luis Iñarra kalea berriztuko da, igogailutik hasi eta Santa Marina auzoa hasten den arte.

Auzoa bere osotasunean berritzeko 5 fase aurreikusten dira, eta, oraingoa, lehen faseari dagokion lanak izango dira. Guztira 1.730.465,85 eurotako inbertsioa bideratuko da berrurbanizazio lanetarako, eta 10 hilabeteko epea izango dute hauek egiteko. Proiektua auzotarrekin batera landu eta adostua izan da.

planoa.jpg

Irisgarritasuna bermatzeko esku hartzeak

Berrurbanizazio lanen helburu nagusia herritarrei irisgarritasuna bermatzea izango da, eta horiek bermatzera bideratuko dira lanok. Horretarako Jose Luis Iñarra kale osoko espaloia zabalduko dira, eta, hori lortzeko, hainbat lekutan, bi espaloi egotetik bakarra izatera pasako da. “Modu honetan, araudia betetzen ez duten bi espaloi izatetik, bakarra izatera pasako gara, irisgarria eta araudira egokitua” adierazi du Kepa Urteaga zinegotziak. Esku hartze hau egingo da Jose Luis Iñarra kale hasieran eta La Merced eraikinaren ondoan.

Bi eskailera ere eraitsiko dira, 32 eta 18 atarteen ondoan daudenak, araudiari egokitutako berriak eraikitzeko. Hirugarren eskailera bat eraitsiko da 12 atartean, irisgarri delako beste bide batetik.

Altamirazpi kalea hasten den bidegurutzea mailaz igoko da, eta “koexistentzia eremua” bilakatuko da. “Modu honetan, lehentasuna oinezkoek izango dute, eta kotxeen abiadura jaistea lortuko dugu” adierazi dute Udaletik.

Lur azpiko azpiegitura berritzea eta zuhaitz berriak landatzea

Lur azpian dauden azpiegiturak berritzeko aprobetxatuko dira lan hauek, hain zuzen argiteria instalazioaren azpiegiturak eta euri urak eta ur zikinak jasotzen dituzten hoditeriak.

“Eremua berdeztatu eta naturalizatzea ere helburuetako bat izango da. Horretarako berdegune txiki batzuk sortzeaz gain, Jose Luis Iñarra kaleko hasieran zuhaitz batzuk landatuko dira, espaloia zabaldu dela aprobetxatuz”.

3 zatitan egingo dira lanak

Altamirako berrurbanizazioko 1.1 fase honetako lanak 10 hilabete iraungo dute, eta 3 fasetan egin asmo dute. Lanak Obenerreka kaletik hasiko dira, La Merced ikastetxea dagoen lekutik pasatuta, eta Jose Luis Iñarra 30. atarira arte luzatuko dira. Lan hauek urtarrila bitartean luzatuko dira.

Bigarren fasea “beheko zatira” pasako da, Jose Luis Iñarra kaleko lehen zatira, igogailutik kurbara arte. Hirugarren fasea, lanekin amaitzeko, Jose Luis Iñarra kaleko erdiko zatia jasoko du. Lanek iraun bitartean kotxeentzako bi norabideak zabalik mantenduko dira.