Arrasaten tuperrarekin erostea ez da arraroa
2015/03/04Kutxa Ekoguneak Arrasateko Udala eta Zero Zabor taldearen laguntzaz bultzatu duen Ontziratu zaitez! kanpainaren balorazioa egin da jada. Ondorio nagusia Arrasaten ere erosketak tuperrekin egiteko jarrerari atea zabaldu zaiola da. Kanpaina honen ostean, Arrasaten dagoeneko ez da arraroa erosketak tuperrarekin egitea; lasai asko joan gaitezke inongo lotsa eta eragozpenik gabe.
Are gehiago, Kutxa Ekoguneak, Arrasateko Udalak eta Zero Zaborrek herritarrak animatu gura dituzte erosketak modu horretan eginez hondakinak murriztuz jarraitu dezaten. Izan ere, egia da kanpainak iraun duen bitartean tuperrekin egindako erosketak ez direla asko izan, eta oraindik tuperrarekin sekula erosketarik egin ez duten asko izango direla: “guk probatzera animatu gura ditugu, euren kabuz, beraien etxeetan, ikusi dezaten lortzen diren emaitzak oso positiboak direla (dendatik ekarritako paper eta plastikoa kudeatu behar ez izatea, adibidez)”, adierazi dute kanpainaren bultzatzaileek.
Plastikozko poltsen erabilera murriztea
Kanpainan parte hartu duten arrandegi eta harategi guztiei eskerrak eman nahi dizkiete antolatzaileek, egin duten lanagatik eta ahaleginagatik.
Arrandegi parte-hartzaileak: Kresala biak, Eguren biak, Danarrain eta Itsaski. Harategi parte-hartzaileak: Saburdi, Salegi, Otamendi, Landaluze, Gorka harategia, Agirre-Etxe, Kortaberri eta Txomin. Mila esker kanpainarekin bat egin duten guztiei.
Nabarmendu dute, dendariek zerikusi handia dutela hurrena landu nahi duten erronkarekin. Ontziratu zaitez! kanpainaren hasieran dendariek plastikozko poltsen erabileraren inguruko kezka azaldu zuten eta, beraz, hurrengo erronka poltsa horien kopurua murriztea izango da.