Arrasaten Gipuzkoako 3.EkoCenterra inauguratu dugu

2014/06/11
Card image cap
Berrerabilpena eta ekonomia solidarioa sustatzeko ireki du Emaúsek. Arrasateko Udalak 2.600 metro karratuko lokala utzi dio eta Foru Aldundiak 551.000 euro jarri ditu proiektu honetan

Gaur goizean estreinatu dute Arrasateko Musakola auzoan (Asam-eko lehengo pabiloian) dagoen EkoCenter berria eta, honez gero,  zabal-zabalik dago mundu guztiarentzako. Bertara eraman ahal izango dira erabilerarik ematen ez zaien artikuluak, beraien aprobetxamendua luzatzeko. Artikulu hauek etxez etxe ere bilduko dituzte, aurrez deituz gero (943 771 871)

Arrasateko EkoCenterra ekonomia solidarioko enpresa baten bitartez kudeatuko da eta bi funtzio nagusi beteko ditu:

  • Erabilerarik ez duten objektuak berreskuratzea eta birziklatzea: horretarako, hauen bilketa, kudeaketa eta salmenta burutuko du Emaúsek.
  • Gizartean kaltetuta dauden kolektiboen gizarteratzea.

Hondakinak prebenitzeko azpiegitura bat

"Donostialdearekin eta Bidasoarekin batera, Debagoienak ere badu, jadanik, hondakinen sorrera prebenitzeko azpiegitura bat. Berrerabilpena eta birziklapena, biak, sustatuko ditu, europar hierarkiak hondakinen kudeaketarako markatzen duen bezala", adierazi du Emaús Fundazioko zuzendari Jabier Pradinik, aurkezpen ekitaldian.

Udalak 25 urtetarako lokala prezio sinbolikoan

Ildo horretatik, Arrasateko alkate, Inazio Azkarragaurizarrek adierazi du Zero Zabor filosofia bultzatzen ari direla, berrerabilpena, birziklapena eta hondakinen gaikako bilketa sustatuz. Eta gaineratu du norabide horretan, pauso "esanguratsuak" eman dituela Udalak; zehazki, apustu "potoloa" egin duela, Arrasaten Ekocenterra jarriz: "Jarduera hori garatu dezan ASAM pabiloiaren zati bat alokatu diogu Emaus Fundazioari 25 urterako eta prezio sinbolikoan, urtebeteko aldietan luzatzeko aukerarekin".

Horren harira, Emaus eta Udala aspalditik egiten dabiltzan elkarlana azpimarratu du alkateak, Nafarroa etorbideko gizarteratze tailerrarekin eta dendarekin "geroz eta emaitza hobeak" lortzen ari direla esanez, sozialki nahiz ingurumen ikuspegitik.

Aldundiaren ezinbesteko laguntza

Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak 511.000 euro bideratu ditu proiektu honetara. Laguntza hori ezinbestekoa izan da EkoCenter berria zabaldu ahal izateko eta Gipuzkoan berrerabilpenaren eta birziklapenaren aldeko lanari bultzada emateko.

Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzatik emandako laguntzarekin, hain zuzen, egin ahal izan dira Arrasateko Udalak lagatako espazioa zaharberritzeko eta egokitzeko lanak. Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak bertatik bertara bisitatu du EkoCenter berria eta “eskerrak” eman dizkio Emaúsi egiten ari den “berrerabilpen eta kontzientziazio lanagatik”.

Zaldibarko Emaúsen denda itxi

EkoCenter berrian mota guztietako altzariak, arropak, osagarriak, liburuak, objektuak, etxerako artikuluak …  aurkitu ahal izango dira, lehen Zaldibarko dendan salgai zeuden bigarren eskuko artikuluak. EkoCenterra zabalduko denez,  Zaldibarko denda itxi egingo da eta berton jarduten duen sei pertsonako lan- taldea bi lanpostu berriekin indartuko da, etxez etxeko bilketa zerbitzua indartzeko asmoz.

Ekozenterrari buruzko informazio gehiago